Lau eremu nagusi izango ditu Sormen Guneak, eta lehen fasea 2019a amaitzerako bukatu nahi dute

Uztarria.eus 2017ko urr. 19a, 16:24
Atzo aurkeztu zuten aurreproiektuaren oin planoa. (Hiritik At)

Hitzaren eremua, irudiarena, arte eszenikoena eta soinuaren gunea izango ditu Soreasuko Sormen Guneak. Horrez gain, Dinamoa, harrera lekua, topagunea eta askotariko ekintzak egiteko espazioa ere egongo da bertan. Udalaren asmoa da 2018ko aurrekontuen zati batekin sormen guneko obrei ekitea. Lanen epeak zehaztu gabe badituzte ere, 2019a bukatzerako amaitu nahi dituzte aurreneko faseko obrak. Proiektuaren aurrekontua milioi bat euro ingurukoa da. Datozen bi-hiru asteetan eremukako bilerak egingo dituzte, talde zein norbanakoek aurreproiektuaren gaineko ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.

Plazaratu dute Soreasuko Sormen Gunea izango denaren aurreproiektua. Urte eta erdi baino gehiagoko lanaren ostean, atzo, urriak 18, aurkeztu zuen Udalak jendaurrean Kultur Mahaiarekin batera gorpuztutako proiektua. Josu Labaka Kultura batzordeburuak, Ainara Larrañaga zinegotziak eta Hiritik At kooperatibako zein LZB arkitekturako langileek –haiek garatu dituzte planoak eta kontu teknikoak– azaldu zituzten sormen gunearen inguruko zertzeladak.

Egungo Dinamoan (0 solairua) eta Soreasuko eraikinaren aurreneko solairuan kokatuko da Sormen Gunea, eta eremuka antolatuko dute. Lau espazio nagusi izango ditu: arte eszenikoena, hitzarena, irudiarena eta soinuarena. Dinamoa ere mantenduko dute, eta erabilera ezberdinetarako beste espazio bat ere barnebilduko du Sormen Guneak. 

Sormen Gunea, eremuz eremu

Dinamoa sorgintza lekuaren "plaza" izango dela azaldu zuten Hiritik At kooperatibako kideek. Bertan, emanaldiak, erakusketak, proiekzioak eta ikastaroak eskaintzeko aukera egongo da. Dinamoaren eta Soreasuko eraikinaren lehen solairuaren solairuartean herri komunikabideen bulegoak jarriko dituzte. Aurreneko solairua, berriz, hitzaren gunea izango da. Bertan, leku hartuko dute topalekuak, bi bilera gelek eta bakarkako lanerako zein ediziorako pare bat gelek. Horiez gain, komunak ere izango ditu hitzaren eremuak.

Irudiaren eremua Elkargunearen gainean kokatuko da, eta bertan bi espazio nagusi bereiziko dira. Alde batetik, argazki sorkuntzari lotutako espazioa egongo da, eta han argazki estudio bat eta proiekzio gela jartzea aurreikusten dute. Bestetik, arte plastikoen tailerra egongo da. Hori pinturari lotutako askotariko ekintzak egiteko lekua izango da, serigrafia tailerra, kasu. Bestalde, biltegi bat ere egongo da irudiaren eremuan, sortzaileek beren materiala gordetzeko edota tresnak garbitzeko aukera izan dezaten. 

Arte eszenikoei zuzendutako eremua gainerako espazioekin alderatuta "ezberdina" izango dela azaldu zuten Hiritik At kooperatibako kideek, "zabalagoa" eta "garaiera handiagokoa", hain zuzen. "Beharretara egokitzeko", zurezko lurra izango du eta leihoetan gortinak jarriko dituzte. Bulego bat ere egongo da bertan. 

Soinuaren eremua gaur egun Udal Musika Bandak duen lokalaren gainean kokatuko da. Bertan, musikarien entseguetarako neurri ezberdineko lau gela jartzea aurreikusten dute, guztiak intsonorizatuta. Horiez gain, grabaketa estudioa, platoa eta kabina teknikoa ere egongo dira soinuari dagokion lekuan. Komunak eta biltegia ere izango dira bertan. 

Lau eremu horiek osatuko dute nagusiki Soreasuko Sormen Gunea, baina bosgarren eremu bat ere izango du. Bertan, erabilera anitzeko gelak kokatuko dira: aldagelak, atsedenerako edo kamerino gisa erabil ahal izango den gela, bilera gela eta office-sukaldea edo otorduak egiteko espazioa.

Sormen Gunearen nolakotasunari erreparatuta, espazio "argitsua" eta "zabala" izango dela esan zuten Hiritik At kooperatibako kideek, eta horretarako materiak ezberdinak erabiliko dituzte. Esaterako, espazioak banatzeko erabiliko dituzten manparak edo pareta meheak polikarbonatoz eta zurez egindakoak izango dira. Eremuak markatzeko nahiz jendea orientatzeko seinaletika eta ikurrak jarriko dituzte. Irisgarritasunari dagokionez, igogailua jarriko dutela aurreratu zuten Hiritik Ateko langileek, eta "leku guztiak irisgarriak" izango direla azpimarratu zuten.

Eraikuntza lanen epeak

Soreasuko Sormen Gunearen proiektua aurrera ateratzeko, 2018ko aurrekontuen diru partida bat Sormen Gunearen obretara bideratuko dute. Hurrengo urteko aurrekontuak abenduaren 5ean onartzea aurreikusten du Udalak. Behin horiek onartuta, Sormen Gunearen obrak lehiaketa publikora aterako dituzte. Udalaren helburua da apirilerako edo maiatzerako lanen esleipena egitea, baina atzo azpimarratu zutenez lanen iraupena "zehaztu gabe" dago. Dena den, 2019 urtea bukatzerako proiektuaren lehen fasea bukatuta izatea nahi du Udalak. 

Eremu berriak izango duen kudeaketaz edota funtzionamenduaz ez dute ezer zehaztu, "proiektuari forma emateko fasean" daudela ulertuta. Proiektua osatu ostean hasiko dira sormen gunearen kudeaketaren arloa mamitzen.

Eraikuntza lanen aurrekontua milioi bat euro ingurukoa izango da, eta "inbertsio handia" izango dela azpimarratu zuen Labakak atzoko batzarrean. Bestalde, nabarmendu zuten 2007an Udalak abiatu zituen Soreasu eraikinaren eraikuntza lanak ordaintzen jarraitzen dutela gaur egun. Lan horiek 10 milioi euro inguruko aurrekontua izan zuten. 

Parte-hartze prozesua

Aurreproiektua aurkeztuta, orain horren gaineko ekarpenak egiteko epea zabalduko dute Kultur Mahaiak eta Udalak. Hala, datozen bi-hiru asteetan eremuzkako bilerak egiteko asmoa dute, herritarren eta kultur  taldeen iritziak biltzeko. Josu Labakak atzo azaldu zuenez, "oraindik aldaketak egiteko tartea dago". 

Joan zen udaberrian lortu zuen Soreasuko Sormen Gunearen proiektuak Azpeitiko Kultur Mahaiaren eta herriko beste hainbat kultur eragileren adostasuna, hilabeteetako parte hartze prozesuaren ostean. Uztailean, aldiz, 100 lagunetik gora bildu ziren prozesuan adostutako proposamenari onespena emateko. Orduan, espazio berriaren oinarrien eta helburuen zertzelada batzuk aurreratu zituzten. 

Atzo 50 inguru herritar, norbanakoak zein kultur taldeetako kideak, hurbildu ziren pleno aretoan eskaini zuten batzar irekira.