Urtea bukatzerako ezarriko dute txip bidezko edukiontzien sistema

Uztarria.eus 2017ko urr. 11a, 16:31
Udal Gobernuko, oposizioko nahiz mankomunitateko ordezkariak bilera batean. (Azpeitiko Udala)
Udal Gobernuak, oposizioak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarlanean adostu dute zabor bilketa sistema berria. Organikoaren eta errefusaren edukiontziei jarriko diete txipa, eta gainerako hondakinak orain arte bezala jasoko dituzte. Sistema berria landa eremuan ezarriko dute lehenik; herrigunean, ondoren; eta, azkenik, lantegietan. Zabor asko sortzen duten guneetan atez ate jasoko dituzte hondakinak.

Udalak joan zen apirilean aurreratu zuen moduan, urtea bukatzerako jarriko dute hondakin organikoak eta errefusa txip bidezko edukiontzietan jasotzeko sistema Azpeitian. Udal Gobernuak, oposizioak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarlanean adostu dute txipdun edukiontzien bidezko zabor bilketa sistema, eta hainbat fasetan ezarriko duten arren, urte bukaerarako martxan izango dela iragarri dute gaur Eneko Etxeberria alkateak, Aitor Bereziartua zinegotzi eta Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak eta Estitxu Elduaien zinegotziak.

Organikoaren eta errefusaren edukiontziei jarriko diete txipa, eta gainerako hondakinak orain arte bezala edukiontzi normaletan jasoko dituzte. Zabor asko sortzen duten enpresetan nahiz ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan, berriz, puntuz puntu jasoko dituzte bereizitako hondakinak. Toki horietan guztietan faseka ezarriko dute hondakinen sistema berria: lehenik, landa eremuan eta ostalaritzan nahiz merkataritzan; gero, herrigunean; eta, azkenik, enpresetan. Urtea bukatzerako leku guztietan ezarriko dute sistema.

Lehenik, azaroaren erdi alderako, landa eremuan eta merkataritza nahiz ostalaritza establezimenduetan ezarriko dute bilketa sistema. Hain zuzen ere, landa eremuko auzoetako bizilagunekin hainbat bilera egingo du udalak datozen asteetan [behean ikus daiteke egutegia]. Gainera, landa eremuko etxebizitzetara eta zabor asko sortzen duten saltokietara joango dira mankomunitateko langileak azalpenak ematera.

Lehen fase hori bukatzean ezarriko dute hondakinen bilketa sistema herrigunean. Herritarrei zuzendutako bilerak deituko dituzte lehenik, eta ondoren jakinaraziko diete etxepe bakoitzeko bizilagunei non utzi beharko dituzten sortzen dituzten hondakinak; izan ere, herrigunean egun dauden edukiontzi sortak murriztu egingo dituzte, eta etxepe bakoitzeko bizilagunek toki jakin batean utzi beharko dituzte hondakin organikoak eta errefusa.

Azpeitiko eta Urrestillako herrigunean abenduaren hasieran jarri nahi dute sistema berria martxan. Hiru pausotan ezarriko dute sistema: lehenik, sistemaren gaineko azalpenak emango dizkiete herritarrei; gero, edukiontziak jartzeko guneak proposatuko ditu udalak eta herritarrek iradokizunak egin ahal izango dituzte proposamenaren gainean; eta, azkenik, edukiontziak jarri aurretik, etxe bakoitzeko txip bat banatuko dute –gehiago behar dituztenek erosteko aukera izango dute–. Azpeitia txartela dutenek, aldiz, hura aktibatu eta erabili ahal izango dute organikoa eta errefusa edukiontzietara botatzeko.

Behin landa eremuan eta herrigunean sistema berria jarritakoan, urtearen bukaeran hasiko dira lantegietako hondakinak atez ate jasotzen. Gainera, enpresetako hondakinen puntuz puntuko bilketa Urola Erdi guztian ezarriko du Urola Erdiko Mankomunitateak.

Azken fase horrekin, Azpeitiko gaikako bilketa sistemaren tasa %70era irits dadin nahi dute udaleko ordezkariek. "Sistema honekin irits daiteke gaikako bilketaren tasa %70era, eta birziklapena ondo eginez gero ikusiko dugu erraustegia soberan dagoela eta alternatibak badaudela", esan du Eneko Etxeberriak. Alkateak adierazi du herritarrei "jarrera aldaketa" eragingo diela bilketa sistemak, baina azaldu du "sinplea eta erraza" dela.

Udal Gobernua osatzen duen EH Bilduren udal taldeak eta oposizioko EAJren udal taldeak adostu dute hondakinen sistema, eta haien helburua da "ahalik eta birziklatze tasa handiena" lortzea bilketa berriarekin. Zabor bilketa sistema aldatzearekin, gutxienez, hondakinen %70 gaika bildu nahi dutela esan dute Azpeitiko Udala osatzen duten bi alderdiek. Haiek gogorarazi dute gaur gaurkoz Azpeitiko gaikako bilketaren tasa ez dela iristen %40ra, eta esan dute horren atzean badela "gaizki doan zerbait".

"Elkartasuna" Errazkini eta Intxaurrandietari

Azpeitian ezarriko duten hondakinen bilketa sistemaren aurkezpenean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) atzo emandako albistea ere izan du hizpide Eneko Etxeberria alkateak. Hain zuzen ere, hainbat hedabidek atzo zabaldu zuten GHK-ko lehendakari Jose Ignacio Asensiok salaketa proposamena sartu duela aurki egingo duten batzarraren gai zerrendan. Salaketa hori 2013an erraustegiaren proiektua gelditu izanagatik enpresei ordaindu behar zaien zenbatekoarekin dago lotuta, eta hedabide horien arabera, "proiektua gelditu izanaren arduragatik" Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari zenari eta sasoi hartan Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu izan zen Iñaki Errazkini ordainarazi nahi diete "hitzarmena eteteak sortutako gastua"; hau da, 8,2 milioi euro. GHKren batzarrean salaketa jartzea onartuko balitz, Espainiako Kontu Auzitegira joko luke mankomunitate horrek.

Albiste horren aurrean, "ardura ekonomikoak" Intxaurrandietari eta Errazkini leporatu izana salatu du Etxeberriak. Gainera, Kataluniarekin alderatu du egoera: "Masi, Rigauri, Ortegari, Homsi eta beste zenbaiti politika egiteagatik ezarri nahi dioten zigor ekonomikoarekin gertatu den moduan, hemen ere zigor ekonomikoa ezarri nahi diete Intxaurrandietari eta Errazkini politika egiteagatik eta programa politikoa aplikatzeagatik". Etxeberria "desados" agertu da GHKren egungo agintarien jokabidearekin, eta "injustiziaren" aurrean, "elkartasuna" adierazi die GHK-ko lehendakari ohiari eta Ingurumen diputatu ohiari.

Bileren egutegia

Hona hemen, auzoetako eta herriguneko bizilagunei sistemaren funtzionamenduaz azalpenak emateko udalak antolatu dituen bileren egutegia:

  • Landa eremuko bilerak

Urriak 16, asteleheha. Matxinbentako tabernan, 19:30ean.
Urriak 17, asteartea. Nuarbeko Sokatira elkartean, 19:30ean.
Urriak 18, asteazkena. Aratzerrekako tabernan, 19:30ean.
Urriak 19, osteguna. Urrestillako jubilatuen lokalean, 19:30ean.
Urriak 23, astelehena. Oñatzko elizan, 19:30ean.
Urriak 24, asteartea. Elosiagako Añota sagardotegian, 19:30ean.
urriak 25, asteazkena. Loiolako Loiolatxo elkartean, 19:30ean.
Urriak 26, osteguna. Izarratz auzokoen bilera Azoka Plazan, 19:30ean.

  • Herriguneko bilerak

Urriak 17, asteartea. Azoka Plazan, 18:00etan gaztelaniaz eta 19:30ean euskaraz.
Urriak 19, osteguna. Urrestilako jubilatuen elkartean, 19:30ean.