Udal zergak eta tasak ez dira igoko 2018an

Uztarria.eus 2017ko urr. 4a, 14:50

Aho batez onartu zituzten datorren urterako ordenantza fiskalak atzoko udalbatzarrean. Zenbait hobari indartzeko aldaketak ere egingo dituzte, eta etxez etxeko laguntzaren zerbitzua merkeagoa izango da.

Datorren urteko udal zergak, tasak eta prezio publikoak ezartzeko agintarauari hasierako onarpena eman zioten atzo, asteartea, urriko ohiko udalbatzarrean. Zerga eta tasa nagusiak izoztea eta 2018rako igoerarik ez ezartzea erabaki dute, aho batez. Horrenbestez, Ondasun Higiezinen gaineko zerga (kontribuzioa), ekonomia jardueretako zerga, trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga, hiri lurren balio gehitzearen gaineko zerga eta urteko zaborraren zerga bere horretan mantenduko dituzte.

"Udalak bere zerbitzuak aurrera ateratzeko inongo arazorik ez daukala ikusita" hartu dute zergak, tasak eta prezio publikoak ez igotzeko erabakia. "Finantzak orekatuta ditu Udalak, eta historiako soberakin kopuru altuena", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak udalbatzarrean. Era berean, ordea, "datu makroekonomikoetan eta enpleguan egoera hobea" izan arren, errekuperazio hori "herritarren poltsikoetara ez dela ailegatu" ulertuta, "herritarrekin batera esfortzu konpartitu bat" egitearen alde egin dutela adierazi zuen, zergak eta tasak bere horretan utzita.

Azkenean, Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenaren aldeko botoa eman zuen EAJk, ezarritako irizpide nagusiekin ados. Hala ere, alkateak aipatutako ekonomiaren hobetzearen harira, Aitor Gorrotxategi bozeramaileak gogoratu zuen bere alderdiaren jarrera beti izan dela KPIaren igoera aplikatzea, positiboa denean, eta "azken urteetan KPIa negatiboa izan delako izoztu izan" dituztela tasak. "Kontziente al gara zenbat diru jasotzeari utziko diogun? Eta bost hilabetean horrenbeste aldatu al da Udalaren egoeram irizpideak horrela aldatzeko?", galdetu zuen Gorrotxategik, kontribuzioaren kobrantza eta joan den urtean zerga hori igotzeko hartutako erabakia gogora ekarrita.

Hobari berriak eta aldaketak

"Behar gehien dituzten herritarrentzat babes soziala sendotzeko hartutako konpromisoarekin" lotuta, ordenantza fiskalen barruan hainbat arlotan aplikatzen dituzten hobariak egokitu eta eguneratu dituztela ere nabarmendu zuten atzo Udal Gobernuko kideek.

Horrela, familia ugariei zuzendutako hobari berri bat ezarri dute ibilgailuen zergan. "Familien diru-sarreren araberakoa izango da, bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren araberako ekarpena egitea baita justuena", azaldu zuen bilkuraren ondorengo agerraldian Leire Goenaga zinegotziak. Orain arte bezala, kontribuzioa ordaintzerakoan ere hobaria eskatzeko aukera izango dute familia ugariek, baina hor ere diru-sarreren araberako baremoa aplikatuko dute datorren urtetik aurrera; horrela, 90.000 eurotik gorako sarrerak dituzten familiek ez dute hobaririk jasoko. Diru-sarreren irizpidea ezarriko dute, halaber, Kirol Patronatuaren familia abonuetan hobariak eta deskontuak aplikatzerakoan.

Lurzoru publikoaren erabileraren gaineko tasen prezioa, berriz, igo egingo zaie azokan postua jartzen duten saltzaileei, baina ez Azoka Plazan saltzen duten baserritarrei; horiei mantendu egingo zaie ordaintzen duten "tasa sinbolikoa". Gainerakoei, metro karratuko ordaintzen duten urteko tasa igoko zaie, "batez beste urteko 100 bat euro. Gure lehentasuna herriko merkataritzak izaten jarraitzen du eta honek aukera emango digu herriko merkatariei baliabide gehiago eskaintzen jarraitzeko", esan zuen Goenagak. Bestetik, tabernetako terrazen tasan ere aldaketak ezarri dituzte, iazko katastroaren eguneraketarekin lotuta. Orain arte, lurzoruare balioaren arabera ordaintzen zituzten ostalariek terrazen tasak. Aurrerantzean, berriz, "kuota objetibo eta orekatuak kalkulatzea" helburu, terrazak hartzen dituen metro karratuen arabera ordaindu beharko dute tabernariek. Bi tarifa ezarri dituzte, urte osokoa bata, eta udaberri-uda sasoikoa bestea.

Etxez etxeko zerbitzua, merkeago

Azkenik, etxez etxe eskaintzen duen laguntza zerbitzua orduko 20 eurotik 14 eurora jaistea erabaki du Udalak. "Helburua da laguntza hori behar dutenek merkatu librera jo beharrean zerbitzu publikoa erabiltzea, eta langileen lan baldintza duinak bermatzearekin batera, zerbitzuaren erabiltzailearen jarraipen egokia egitea", azaldu zuen Estitxu Elduaien zinegotziak.