Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren kanporaketa herrian jokatuko da zapatuan

Uztarria.eus 2017ko urr. 3a, 15:05
Mikel Ibarzabal, Juan Jose Unanue 'Goenatxo II'.a, Xabier Zaldua, Estitxu Elduaien eta Xabier Orbegozo 'Arria V'.a, atzo eskaini zuten agerraldian.

Txapelketaren formatuari dagokionez, finalaren aurretik kanporaketa bakarra jokatuko da. Hain zuzen ere, Izarraitz pilotalekuan dute hitzordua hamaika aizkolarik zapatuan, 18:00etan, eta nor baino nor arituko dira lehian, hilaren 28an Azkoitiko Gurea frontoian jokatuko den finalerako sei txartel baitaude jokoan. Kanporaketa nahiz finala ikusteko sarrera 15 euro ordaindu beharko da.

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren atarian aizkorak ondo zorroztuta dituzte hamaika kirolarik, lanei ekiteko. Txapelketaren formatuari dagokionez, finalaren aurretik kanporaketa bakarra jokatuko da. Hain zuzen ere, Izarraitz pilotalekuan dute hitzordua aizkolariek zapatuan, 18:00etan, eta nor baino nor arituko dira lehian, hilaren 28an Azkoitiko Gurea frontoian jokatuko den finalerako sei txartel baitaude jokoan. Kanporaketarako nahiz finalerako sarrera 15 euro kostako da.

Enbor desberdinei ezpalak azkarren ebakitzeko ahaleginean ariko dira, beraz, Euskal Herriko hamaika aizkolari: Xabier Orbegozo, Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza gipuzkoarrak, bateik; Ruben Saralegi, Oihan Larretxea, Julen Kañamares, Mieltxo Mindegia, Jose Antonio Etxeberria eta Oier Kañamares nafarrak, bestetik, eta baita Arkaitz Jauregi arabarra ere. Egin beharreko lanei dagokienez, aizkolari bakoitzak bost pago enbor, hiru kanaerdiko eta hirurogei ontzako eta oinbiko bana ebaki beharko ditu.

Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren nondik-norakoak eta xehetasun guztiak atzo, astelehena, azaldu zituen Euskadiko Herri Kirol Federakundeak, Azpeitiko udaletxean eskaini zuen agerraldian. Federazioko kide Juan Jose Unanue Goenatxo II.a prentsaurrekoan zen, eta harrijasotzaile azkoitiarraren esanetan txapelketa iragartzeko kartelean "aizkolari oso onak" daude. "Beti izaten da ezustekoren bat, baina hamaikako horretan badago taldetxo bat lehen postuetan ariko direnak".

Azpeitiko Udaleko Festa batzordeburu Mikel Ibarzabalen esanetan, Azpeitiko Udalak hogeitaka urte daramatza herrian aizkora txapelketak babesten eta antolatzen, eta gaineratu du halako ekitaldiek herrira kiroletako aditu asko ez ezik herri kirolen zale asko "erakartzen" dituztela. Era berean, Udal Kirol batzordeburu Estitxu Elduaienen esanetan, herrian "kirol desberdin asko" egiten da, eta udalak bere esku dagoen "guztia" egiten jarraituko du Azpeitian aizkorari eusteko: "Maila handiko aizkolariak ikusteko aukera eskaintzen dute gisa honetako txapelketek, eta gu hor egongo gara beti, antolakuntzari dagokionez laguntzen".