Gaztañagak irabazi du Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoia

Uztarria.eus 2017ko urr. 1a, 14:11

Sagardoa izan zen protagonista atzo, irailak 30, Azpeitiko Azoka Plazan, Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finalaren bueltan. Udaletxeko kanpaiek 20:30ak jotzerako, berrehundik gora lagun zeuden bilduta Azoka Plazan, txapelketaren finalera iritsitako hamabi sagardoak dastatzeko eta horiek puntuatzeko prest.  

Afaltzera bertaratu ziren lagunak izan ziren epaimahai lanetan aritu zirenak, eta haiek emandako puntuen arabera, Andoaingo Gaztañaga sagardotegia izan zen nagusi aurtengo txapelketan, 1.555,5 puntu eskuratuta. Bigarren sailkatu zen Adunako Aburuza sagardotegia, 1486,5 punturekin. Irigoien-Herrero sagardotegia izan zen hirugarren sailkatua, 1450 puntu jasota. 

Lehen hiru sailkatuek Eusko Label eta kalitatezko zigilua duten produktuen sorta bana jaso zituzten Hazi fundazioaren eskutik, baita Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen oroigarria eta Azpeitiko Udalak finalerako prestatutako oroigarriak, Mikel Sanjuan tailugileak egindakoak.

Honako sagardotegiak dira finalera iritsi zirenak: 

1. Gaztañaga Sagardotegia
2. Aburuza Sagardotegia
3. Irigoien – Herrero Sagardotegia
4. Akarregi Sagardotegia
5. Larregain Sagardotegia
6. Lizeaga Sagardotegia
7. Oiarbide Sagardotegia
8. Ola Sagardotegia
9. Rezola Sagardotegia
10. Rufino Sagardotegia
11. Setien Sagardotegia
12. Urdaira Sagardotegia

Atzoko hitzordura gerturatu zirenek, sagardoaz gozatzeaz gain, bertako produktuekin osatutako menuarekin bete zituzten sabelak. Hasierako bezala, txorizoa eta urdaiazpikoa izan zituzten aukeran; ondoren, entsalada nahasia, bakailao ajoarrieroa tenperatura baxuan egositako arrautzarekin, eta azkenik, txuleta. Postre bezala, aldiz, gazta eta irasagarra. Afaria amaitutakoan ekin zioten sari banaketari, 23:00ak pasata. Xebastian Lizaso aritu zen aurkezle lanetan.  

Aurten, guztira, Euskal Herriko 41 sagardotegik hartu dute parte Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako txapelketa herrikoian. Finalaurrekoak Ordizian, Andoainen, Zarautzen eta Oiartzunen jokatu zituzten.  

2015ean antolatu zuten aurrenekoz Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta orduan ere Azpeitiko Azoka Plazan jokatu zen finala. Orduko hartan, Petritegi sagardotegiak jantzi zuen sagardo onenaren txapela.