Azpeitiarrak Kataluniako erreferendumaren lekuko

Uztarria.eus 2017ko urr. 1a, 18:48

Urriaren 1a da gaur, Kataluniak independentziaz boza emateko eguna. Goizeko 06:00etarako irekita zituzten bozkalekuak. Milaka lagunek, eta tartean hainbat azpeitiarrek, pasatu dute gaua bertan, herritarren bozkatzeko eskubidea bermatzea xede. Eskoletako ateak zabaldu eta gutxira, 09:00ak pasata, hasi dira istiluak. Hala ere, kataluniarrak ari dira botoa ematen.

Hainbat azpeitiar han dago gaur, Kataluniari babesa erakusten eta gaurko egunean zehar gertatutakoak bertatik bertara bizitzen. Beren testigantzak eta irudiak jaso ditu Uztarriak, eta hemen jasoko ditu gauera bitartean. Argazki bakoitzaren gainean ikus daiteke irudiak bidali dituztenen azalpena. 

Herritarren adierazpenak Kataluniatik

Estitxu Elduaien zinegotzia Udalbiltzaren bitartez begirale lanak egitera joan da Kataluniara, Euskal Herriko beste dozenaka hautetsirekin batera, tartean Iraitz Otaño Azkoitiko zinegotzia. Elduaienek esan duenez, goizean goizetik “egun intentsoa" ari dira bizitzen. "05:00etan jaiki eta 08:00etarako iritsi gara Gironara. Bertako alkateak harrera egin digu eta herritarrak txaloka hartu gaituzte. Oso hunkigarria izan da, baina bi minutuko kontua izan da; izan ere, polizia zetorrela eta, herri harresiak sortzen eta lasterka hasi da jendea". Azpeitiko zinegotziak dio bizitzen ari direna hunkigarria dela, herritarrek eman duten erantzun “baketsu eta eredugarriagatik”. Baina negargurea eta tristura ere sentitu duela esan du: "Espainiako Gobernuak poliziarekin erakutsi ditu guk Euskal Herrian askotan bizi izan ditugun formak, zein diren eta nolakoak diren erakutsi dute”. Elduaienek esan du "korapilo handiarekin" daudela, “gertaera oso gogorrak, gauza onak eta txarrak” ikusi dituztelako. "Emozionantea da adineko jendea boza ematera joatean herritarrak haiek txalokatzen ikustea, jendea negarrez ikustea, botoa eman eta zelebratzen ikustea, baina, aldi berean, beldurra eta odola ikusi ditugu”. Elduaienek dio Kataluniak dagoeneko irabazi duela: "Oztopo guztien gainetik botoa ematen ari dira eta ez ditu ezerk geldituko. Hauek badoaz, eta ea euskal herritarroi erakusten diguten hauen bidetik segitzen".

Miren Alcedo azpeitiarra, berriz, Bartzelonan da, eta Travesia de Gracia kalean bizitzen ari denaren berri eman du. 15:30erako gero eta jende gehiago hasi da inguruan pilatzen, eta bozkatzeko ilarak kale osoa hartu duela jakinarazi du. Egunaren balorazioa egiterakoan, "kataluniarren inozentzia" azpimarratu du: "Ez zuten inondik espero bortizkeria hau, ez zuten uste ausartuko zirenik. Lehendik argudioak bazeuzkaten, orain gehiago. Dagoeneko ez da independentziaren aldeko zerbait, frankismoaren kontrakoa da. Hemen, jendeari entzuten, batzuek zioten estelada ez dela inoiz izan beren bandera, senyera zutela beraiena. Baina, orain bai, estelada dela. Eta ‘jada irabazi egin dugu’ esaten dute, ikusitakoak ikusita". Herritarrak Europara begira daudela gaineratu du, "erantzun baten zain".

Xabier Arrieta azpeitiarra ere Bartzelonan izan da, Raval auzoko Colegio Collaso i Gil eta INS Miquel Tarradell eskolen inguruetan. Han igaro du gaua Arrietak,. Kataluniarrak "tinko" ikusi ditu: "Gauari eta poliziei aurre egin diote herritarrek botoa emateko aukera izan dezaten. Kantuak, bilerak, taldeen osaketak... denetarik egon da gauean zehar. Gaur 05:00etarako eskoletara bertaratzeko deia egin dute. Arrietak azaldu duenez, goizean goizetik bueltaka ibili dira poliziak ikastetxeetan: "Mossoak hurbildu dira hauteslekuetara polizia datorrela abisatzeko. Hizkuntza eskola barrura sartu da polizia, eta bertan zeudenen aurrean oldartu da. Jendearen indar erakustaldia sekulakoa izan da. Jende askok negarrez, emozionatuta eman du botoa". Bestalde, galdeketaren atzean dagoen antolaketa lana azpimarratu du Arrietak. Eguerdi aldera, Interneteko sareak arazoak eman dituela azaldu du,"Interneteko konexioa itxi baitute". Hori dela eta, jendea bi ordu inguruz euripean zai egon dela nabarmendu du Arrietak, eta ondorioz "adineko jende asko eta asko" boza eman gabe gelditu dela salatu du.

Monika Juaristi azpeitiarra Katalunian bizi da duela bi urtetik, eta gaur boza eman du erreferendumean. Sant Cugaten bizi da, eta gaur goizean goiz joan da boza ematera. "08:30erako joan naiz hauteslekura, eta 12:00etan eman dute botoa, hautes sistemak ez zuelako egiten. Gero, beste herri batera joan naiz, eta han polizia datorrenerako simulazioa egin dugu". Juaristik esan du bizitzen ari direna "izugarria" dela.