Monika Juaristi: "Jende askok aldatu du iritziz Espainiaren jarrera tarteko"

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 29a, 16:57
Monika Juaristi.

Monika Juaristi (Azpeitia, 1989) Sant Cugat del Vallesen (Bartzelona, Katalunia) bizi da duela bi urtetik. Erreferendumaren harira, "une oso polita" ari dela bizitzen esan du, eta prest dago igandean boza emateko.

Erreferendumaren atarian, zer giro dago Sant Cugaten?

Inoiz baino estelada gehiago ikus daitezke etxeetan, erreferendumari buruzko paperez-eta beteta daude kaleak eta asko hitz egiten da galdeketaz. Herritar gehienak erreferendumaren aldekoak dira San Cugaten, eta animatuta daude, gogotsu. Emozioa nabari da kalean. Ez dakigu zer gertatuko den, baina bizitzen ari garen unea oso polita da, egunero iristen zaizkigun berriak kenduta.

Nola bizi izan dituzu azken asteak?

Komunikabideei begira, eta normala den bezala, egunero hitz egin dugu erreferendumaz etxean, lagunartean… Denok gaude urriaren 1ari begira, baina egunerokoak berdin-berdin jarraitzen du, protestak-eta salbu. Atxiloketak izan ziren egunean Bartzelonara joan nintzen, eta sekulako jendetza zegoen protestan. Herria indartsu dago, inoiz baino erabakitzeko gogo eta nahi handiagoarekin, eta kataluniarrak oso batuta daude.

Igandean emango duzu boza?

Noski. Goizean goiz joango naiz egokitu zaidan bozkalekura. Ez dakit zerekin egingo dugun topo, baina... Ni bizi naizen auzoa oso txikia da, eta ez dut arazorik espero. Dena den, batek daki!

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.