Haurrentzako eskuoihalak komunera ez botatzeko eskatu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko ira. 29a, 14:21

Haurrentzako eskuoihalak ur saneamendu sarean arazoak sortzen dituztela-eta, horiek komunera ez botatzeko eskatu die Udalak herritarrei. "Nahiz eta bilgarri batzuetan eskuoihalak biodegradableak direla jartzen duen, horiek hondakin ontzira bota behar dira, eta inoiz ez komunera", esan du Udalak.

Oihal horiek ur saneamenduan sortzen dituzten arazoak "gero eta ohikoagoak" direla esan du Udalak: "Azken urteotan, haurrentzako eskuoihalen kontsumoa asko handitu da, eta herritar asko eta asko dira horiek komunera botatzen dituztenak".

Gipuzkoako Uraketik jakinarazi dutenez, "eskuoihalak organikoak ez direnez, desegin beharrean elkarrekin lotzen dira eta saneamenduko kolektoreak, bonbak eta edozein ekipo trabatu eta izorratu besterik ez dute egiten".