Udal Euskaltegiak curriculum propioa garatu du ikasleak erdigunean jarrita

Uztarria.eus 2017ko ira. 28a, 14:50
Labaka, Agirre, Zabaleta eta Beloki, gaur, Azpeitiko Udal Euskaltegi aurrean. (Ane Olaizola)

Curriculumarekin, metodologia berria izango dute eskoletan. Ikasleei egoera errealak eta zehatzak azalduko dizkiete, eta horiei aurre egiteko baliabideak jasoko dituzte

Udal Euskaltegian matrikulazio kanpainan bete-betean dira, eta  eskaintzen dituzten zerbitzuen eta landu duten curriculum propioaren berri eman dute goizean Aintzane Agirre Udal Euskaltegiko zuzendariak, Olatz Zabaleta eta Inge Beloki curriculuma egin dutenak eta Josu Labaka zinegotziak.

HABEren eskariari erantzunez garatu du Udal Euskaltegiak curriculum propioa, eta aurtengo ikasturtean jarriko dute martxan. Zabaletaren esanetan, metodologia berria du curriculumak, eta ikasleak izango dira protagonista. "Ikasleak dira ikasketa prozesuen jabe, eta, ahalegin horretan, gramatikatik ekintzetara egingo dugu salto. Ikasleei egoera eta ekintza errealak eta zehatzak azalduko dizkiegu, eta horiei aurre egiteko baliabideak eta tresnak eskainiko dizkiegu", esan du Zabaletak. Garrantzia handia izango du, beraz, estrategiak eta ebaluazioak, Belokik hala esan duenez. "Ikaslea bera erdigunean jarriko dugu, eta bakoitzak bere ikasketa moduan hausnarketa egingo du. Ikaslaslearen eta ikaslearen arteko etengabeko elkarrizketaren bidez, ikasleek beraien prozesuan aurre dezaten nahi dugu. Norberak ahalegina egin beharko du bere ikaste prozesuan, beraz". Dagoeneko idatzi dute curriculumaren dokumentua, eta orain unitate didaktikoak egingo dituzte metodologia berriarekin hasteko.

Udal Euskaltegia, "tresna estrategikoa"

Labakak azpimarratu du hizkuntzaren ikuspegitik "udalerri berezia" dela Azpeitia, eta, beraz, Euskaltegia "tresna estrategikotzat" jo du. Euskara ikastea "guztientzako euskubidea" izan behar duela uste du zinegotziak, eta, horregatik, zerbitzuak doan eskaintzen dituzte beka sistema baten bidez. "Ikasleak asistentzia bermatu eta ikasteko saiakera egiten badu, jaso dituen saioak doan aterako zaizkio". Hain zuzen, doako zerbitzua martxan jartzeak matrikulazioetan eragin zuzena duela adierazi du, eta Orioren kasua jarri du adibidetzat: "Orion, urrats hori egin zenean, laukoiztu egin zen matrikulazioa". Azpeitian, berriz, egonkortu egin da matrikulazioa, eta, azken urteetan, ikasturtero, 150 lagun inguruk ikasi dute hango Udal Euskaltegian.

Azpeitira joan berriei harrera egiteko ere hainbat talde osatzen dituzte, eta, ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin du udalak, "Euskaltegira etortzen hasteaz gain, etortzen jarraitu dutelako". Zentzu horretan, azpimarratu du hizkuntza bera bizikidetzarako tresna dela, eta aurrera begira pausoak ematen jarraituko dute.

Azpeitiko Udal Euskaltegiak dituen emaitzak ere goraipatu ditu Labakak. Izan ere, jakinarazi du emaitzak "oso onak" direla, eta bataz-bestekoaren gainetik daudela. "Emaitzek erakusten dute euskaraz ikastea posible dela".

Eskaintza zabala

A1-etik hasi eta C2ra arteko maila guztiak eta Mintzapraktika zerbitzua eskaintzen ditu Udal Euskaltegiak. Bihar amaituko da matrikulazio epea, baina datorren astean ere izango dute izena emateko aukera. Era berean, adierazi dute ikasturtean zehar izena ematen dutenei taldeetan lekuren bat egiten saiatzen direla.