Argazkilaritzari eta sormenari lotutako bi ikastaro abiatuko dituzte urrian

Uztarria.eus 2017ko ira. 27a, 15:51
Argazkigintzarekin lotura duen ikastaroa AAEren egoitzan eskainiko dute.

UEUk eta Udalak duten akordioaren baitan jarriko dituzte martxan ikastaroak. Irudiak eta hitzak uztartuko dituzte tailer batean, eta bigarrengoan sormenari ateak irekitzeko teknikak ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Izen-ematea zabalik dago. Ikastaroez gain, azarorako bullyingaren inguruko jardunaldiak prestatzen ari dira Udala eta UEU.  

Kultur sorkuntzarako baliagarriak izan daitezkeen bi ikastaro antolatu dituzte UEUk eta Udalak udazkenerako. Iaz izandako arrakastaren ostean, tailerrak antolatzen jarraitzea erabaki du Udalak. UEUrekin ez ezik, herriko eragileekin hitz eginda antolatu dituzte saiook, Azpeitiko Argazki Elkartearekin eta Kultur Mahaiarekin elkarlanean, hain zuzen. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, beren helburua da "herritarren nahi eta beharretara egokitutako saioak antolatzea", eta elkarlan horrekin "helburua betetzen" dutela uste dute. 

Bi dira urrian zehar eskainiko dituzten saioak. Batak argazkilaritza eta idazketa batzen ditu, eta, besteak, sortzaileei ate berriak irekitzen ikasteko teknikak eskainiko ditu. Aurrena, Jesus Mari Arruabarrena argazkilariak eskainiko du, Argazki kontakizuna. Istorioak garatzeko estrategiak izenpean. Bigarrena zuzentzeaz Itziar Garcia Urbieta arduratuko da. Praktika artistiko eta esparru desberdinen artean bitartekari aritu den, ikerlaria eta hezitzailea da Urbieta. Horrek eskainiko duen tailerraren izena da Gaitasun sortzaileari ateak irekitzen.

Ikastaroen inguruko xehetasunak

Argazki kontakizuna. Istorioak garatzeko estrategiak tailerrean izena ematen dutenek, ikastaroaren hasieran hitzaren eta irudiaren "oihartzuna" landuko dute, antolatzaileek azaldu dutenez: "Bakoitzaren indarraz jabeturik, bien arteko harremanak jorratuko ditugu. Punta-puntako argazkilarien lan egiteko erak aztertuko dira, baliabide nagusiei etekina nola ateratzen dieten jakiteko, hala nola espazioa, denbora, ekintza, egitura edota narratzailea". Horrez gain, argazkiak eta testuak lantzeko eta uztartzeko hainbat adibide ere ikusiko dituzte. 

Ikastaroa urriaren 31n hasiko da eta azaroaren 28an bukatu, saioak astearteetan 18:00etatik 21:00etara izango dira, argazki elkartearen egoitzan. Izena emateko azken eguna urriaren 17a izango da.

Gaitasun sortzaileari ateak irekitzen ikastaroaren oinarria "gaitasun sortzaileari erreparatzea da". Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaileak lan indibiduala egiten hasiko dira ondoren bakoitzaren "sormen-sentsibilitate, sormen-estilo eta sormen- intentsitatea" besteenarekin harremanetan jartzeko. inguru fisikoari ere erreparatuko diotela aurreratu dute.

Ikastaroa urriaren 16an hasiko da eta azaroaren 13an bukatu. Saioak astelehenetan 18:00etatik 21:00etara Baigera Ieko azken solairuan izango dira. Izena emateko azken eguna urriaren 9a izango da.

Saioetan parte hartu nahi duten herritarrek udaletxeko gizarte zerbitzuetan (Plaza nagusia 5) edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita egin dezakete izen-ematea. Bi ikastaroetako matrikularen prezioa 18 eurokoa izango da azpeitiarrentzat.

Bullyingaren inguruko jardunaldiak

Ikastaro horiez gain, bullyingaren inguruko adituekin egun beteko jardunaldiak egitekotan dira Udala eta UEU. Jardunaldia azaroaren amaiera aldera egitea aurreikusten dute. "Herriko ikastetxe, guraso zein eragile ezberdinek gai honen inguruko kezka handia erakutsi digute, eta haien beharren araberako egitaraua prestatzen ari gara, gai honek dituen ikuspegi ezberdinak aditu ezberdinekin landu eta aztertzeko”, aurreratu du Estitxu Elduaienek.

Egitaraua osatzen ari dira oraindik, eta urriaren erdi alderako aurkeztuko dutela gaineratu du zinegotziak. Euskal Herri osoko adituek parte hartuko dutela adierazi du, eta guraso, irakasle, eta interesa duen orok parte hartzeko aukera izango dutela.