Angel Otaegi gogoan, panel informatiboak jarri dituzte plazan

Uztarria.eus 2017ko ira. 26a, 19:00

Bihar 42 urte beteko dira Francoren erregimenak ETAko kide Angel Otaegi nuarbetarra eta Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra hil zituela, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Urtemugaren harira eta gertakari haiek gogorarazteko, erakusketa informatiboa jarri dute plazako arkupeetan zintzilik. Bertan jaso dituzte, besteak beste, Angel Otaegiren bizitzaren inguruko hainbat zertzelada. ETAren frente militarrera batu zen garaiaz, atxilotu zutenekoaz, fusilamenduaz zein hilketen hurrengo egunetan izan ziren herri mobilizazioez hitz egiten dute plazan jarri dituzten panelek. 

Irailaren 27ko Gudari Egunaren bueltan antolatutako egitarauari bihar bertan ekingo diote, ikasleen elkarretaratzearekin, 12:00etan. Hasieran 13:00etan egitekoak baziren ere, 19:00etan herritarrek bisita egingo dute hilerrira. Larunbatean, mendi martxa egingo dute Nuarbera. 10:00etan abiatuko dira herriko plazatik, eta eguerdian, 13:00etan, ekitaldia egingo dute auzoan. Ondoren, bazkaria egingo dute Nuarbeko frontoian, eta horretarako, aurrez txartelak eros daitezke Orkatzen. Ikasleek eta langabetuek zortzi euro ordainduko dute, eta langileek 12 euro. Egunean bertan, berriz, soldatapekoek 15 eurotan eskuratuko dituzte txartelak, eta gainontzekoek 12 eurotan.