Kataluniari babesa adierazteko eta "jasaten ari diren jazarpena salatzeko" adierazpena onartu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko ira. 22a, 11:22

Atzo bildu zen Udaleko bozeramaile batzordea, eta aho batez onartu zuten adierazpena. Urriaren 1eko erreferendumaren atarian, "Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzunez", Kataluniako herri osoari elkartasuna adierazi diete. Galdeketaren egunean kataluniarrek hartutako erabakia errespetatuko eta aitortuko du Udalak.  

Honako hau da Azpeitiko Udaleko bozeramaile mahaiak aho batez onartu zuen testua:

"Espainiako Guardia Zibila Katalunian egin duen operazioen larritasuna ikusirik, eta urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko hartutako erabakia galarazteko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den neurri antidemokratikoei erantzunez, Azpeitiko Udalaren Bozeramaile batzordeak ondorengoa adierazi nahi du:

1. Oso kezkatuta gaude Espainiako Estatua Katalunian izaten ari den esku-hartzearekin eta irmoki salatzen ditugu azken gertakariak/erasoak: Generalitateko hamalau kargudunen atxiloketak, miaketak eta etengabeko jazarpen polizial eta judizialak. Atxiloketa politikoak dira eta beraien delitua politika egitea soilik da. Salbuespen egoera ezartzen ari da Katalunian, eskubide zibil eta politikoak masiboki urratuz. Gertatzen ari dena asaldagarria eta onartezina dela uste dugu. Nahikoa dela esateko ordua da.

2. Gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu atxilotuen eta jazartuen lagun eta senide, Kataluniako erakunde guztiei eta orokorrean Kataluniako herri osoari. Gure babesa eta laguntza izango dute, orain artean bezala, urriaren 1a bitartean, eta baita urriaren 1etik aurrera ere.

3. Urriaren 1eko erreferenduma Kataluniako herritarren gehiengoaren nahiari erantzuteko tresna demokratikoa dela eta, beraz, guztiz zilegia. Herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea edo herri honek autodeterminazio eskubidea du, Euskal Herriak eta Kataluniako libreki adierazitako herritarron borondatea bidez bere etorkizuna eraikitzeko eskubidea dute.

4. Kataluniako alkateak deklaratzera deitzea irmoki salatzen dugu eta ez dugu onartuko politika egitea delitu bilakatzea, demokrazia ezin baita Konstituzioara mugatu. Elkartasuna adieraztea nahi diogu espresuki harreman sakonetan garen Manresako alkateari.

5. Udal honek kataluniarrek Urriaren 1ean hartutako erabakia errespetatu eta aitortuko du eta beste erakundeei ere errespetatzeko deia egiten die. Horretarako erabaki honen berri, Kataluniako Parlamenteko lehendakariari, Madrilgo Gobernuko presidenteari eta Auzitegi Konstituzionaleko presidenteari ematea erabakitzen du. Gure udalerriko herritarrei ere jakinaraziko zaie erabaki honen berri".