"Habi berria" izango dena ikustera joan dira Iraurgi ikastetxeko ikasleak

Uztarria.eus 2017ko ira. 21a, 20:47

Uda iritsi aurretik hasi ziren Betharram eraikina berritzen, eta obretan ari dira oraindik. Hurrengo Aste Santurako lan guztiak amaituta izatea espero dute Udalak eta Iraurgi Ikastetxeko arduradunek.

Konponketa lanek ikusmira sortu dute ikasleen eta irakasleen artean. Duela egun batzuk obrak gertutik ikustera joan ziren Iraurgi Ikastetxeko HH4ko haurrak eta irakasleak. Azaldu dutenez, etorkizunean beraien "habi berria" izango dena nola eraikitzen duten ikustera joan ziren. "Arkitekto txikiak, diseinatzaileak, langile jakitunen pare egon ginen lanak behatzen, eta martxa onean ari direla eta dotore utziko digutela ikusita, parkean amaitu genuen goiza", azaldu dute.

Joan den astean zabaldu zuten eraikinaren etxaurrea zein kolorez margotu aukeratzeko galdeketa.

Eraikin berrian bat egingo dute gaur egun Milagrosa zeneko eraikinean dauden haurreskolak, Haur Hezkuntzako gelek eta Lehen Hezkuntzakoek. Berritze lanek, gutxi gora behera, hiru milioi euroko aurrekontua izango dute; Udalak kopuru horren %25 ordainduko du, eta ikastetxeak 20.000 euroko alokairua ordainduko dio urtero. Bestalde, Betharram eraikinean dagoen erakusketa aretoarekin Udala geratuko da.