Mikel Larrañagak lortu du txartela Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finalerako

Uztarria.eus 2017ko ira. 17a, 13:57
Mikel Larrañaga.

Azpeitiarrak bigarren denbora onena egin zuen atzo Abadiñon jokatutako sailkatze proban. Iker Vicente, Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi izango ditu lehiakide urriaren 15eko finalean, Donostian.

Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketaren finala jokatuko du aurten ere Mikel Larrañagak. Atzo jokatu zen Abadiñon (Bizkaia) final nagusirako sailkatze proba, eta azpeitiarrak bigarren denbora onena eginda lortu zuen urriaren 15ean Donostian jokatuko den finalerako txartela.

Hiru txandatan banatuta, kanporaketan parte hartu zuten aizkolariek 54 ontzako, 60 ontzako eta 72 ontzako bina enbor ebaki behar zituzten atzo Abadiñoko probalekuan. Iker Vicente nafarra izan zen azkarrena lanak osatzen, Larrañagaren aurretik. Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi dira finaleko seikotea osatuko dutenak. Atzo kanpoan gelditu ziren, aldiz, Julen Alberdi, Jon Rekondo, Eneko Otaño eta Jon Irazu.

Iazko finalean hirugarren sailkatu zen Mikel Larrañaga, Atutxaren eta Otaegiren atzetik.