Betharrameko eraikin berrituaren fatxadaren kolorea erabakitzeko bozketa egingo da herrian

Uztarria.eus 2017ko ira. 15a, 17:19
Azpeitiko Udaleko alkate Eneko Etxeberria, hirigintza zinegotzi Aitor Bereziartua eta Iraurgiko ikasleak eta familien ordezkari Ane Aristi.

Hiru aukera aurkeztu dituzte, eta gaurtik eman dezakete botoa Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek.

Bozketa bidez erabakiko dute azpeitiarrek Betharrameko eraikin eraberrituaren fatxadaren kolorea. Hain zuzen ere, gaur aurkeztu dituzte eraikin berriak bukaeran izan ditzakeen hiru aukerak, eta gaurtik eman dezakete boza Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek.

Iraurgi Ikastetxeak eta Udalak Betharrameko eraikina ikastetxeari uzteko eta eraberritzeko hitzarmen berria iazko martxoan sinatu zuten, eta duela urtebete inguru hasi zituzten eraikina goitik behera eraberritzeko lanak. "Obrak martxa oso onean" doazela adierazi du Eneko Etxeberria alkateak, eta datorren urteko Aste Santurako bukatuta egongo direla aurreikusten dute.

Eraikina eraberritzeko lanen azken fasean, fatxada zer koloretakoa izango den hautatu behar da eta, hain zuzen ere, herritarrei emango zaie hiru ereduren artean erabakitzeko aukera. Lehenbiziko ereduak kolore urdina eta berdea ditu, bigarrena koloretakoa da, eta hirugarrena laranja kolorekoa. Etxeberriaren esanetan, Betharrameko eraikina herriaren erdigunean dago, eta Sanjuandegi auzoa eta herrigunea lotzen dituen zatia da. Era berean, anbulatorioa eta autobus geltokiak han bertan egonik, jende asko ibiltzen den lekua dela aitatu du. Arrazoi horiengatik, eta eraikina Udalarena delako, pentsatu dute fatxadak zer kolore izango duen erabakitzeko aukera herritarrei ematea.   

Gaur egun Milagrosa zeneko eraikinean dauden haurreskolak, eta Haur Hezkuntzako gelek eta Lehen Hezkuntzakoek bat egingo dute, horrela, udal jabetzakoa den Betharramen. Berritze lanek, gutxi gora behera, hiru milioi euroko aurrekontua izango dute; Udalak kopuru horren %25 ordainduko du, eta ikastetxeak 20.000 euroko alokairua ordainduko dio urtero. Bestalde, Betharram eraikinean dagoen erakusketa aretoarekin Udala geratuko da.

Bozkatzeko bi bide

Hiru proiektuetatik gustukoen duten eredua aukeratzeko, Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek eman ahal izango dutela botoa adierazi du Azpeitiko Udaleko hirigintza zinegotzi Aitor Bereziartuak: "Pertsonako boto bakarra eman ahalko da, eta bozketaren emaitza loteslea izango da".

Botoa emateko bi bide izango direla azaldu du Bereziartuak. Alde batetik, Internet bidez eman ahalko da, www.azpeitia.eus atarian sartuta. Betharram eraikinaren alboan dagoen informazio panelean dagoen QR kodea irakurrita ere aplikazioan sar daitekeela gaineratu du. "Hiru pauso errazetan eman ahalko da botoa: lehenbizi, norbere NAN zenbakia eta jaiotze data sartu behar dira; ondoren, hiru aukeren artean gustukoena aukeratu; eta bukatzeko, boza baieztatu". Gaurtik hasi eta irailaren 24ko gauerdira arte eman ahalko da boza sarean.

Botoa paperean eman nahi dutenek, aldiz, hilaren 23an, 09:00etatik 12:30era, eman ahalko dute, udaletxeko sarreran.

Botoa emateko arazoren bat edo zalantzaren bat dutenek udaletxera jo dezakete, kezkak argitzera.

Negoziazio luzea

Iraurgiko familien ordezkari Ane Aristiren esanetan, "urte asko" dira eraikina eraberritzeko ikastetxea Udalarekin negoziatzen hasi zela, eta adierazi du jende askok egin duela lan isilean proiektua aurrera eramateko; guztiei "eskerrak eman" nahi izan dizkie. Aurrerantzean, ikasle guztiak eraikin berean egoteak "gauzak asko erraztuko" dituela dio Aristik, eta "ilusio handiz" daudela gaineratu du. Hala, 16 urtetik gorako azpeitiar guztiak "animatu" ditu bozkatzera.  

Ikasle batzuk ere hartu dute hitza gaurko agerraldian, eta adierazi dute "ametsa gauzatzera" doazela. Baina aurretik Betharrameko eraikin eraberrituaren fatxadaren kolorea aukeratzeko bozketan parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak. "Pena da, geuk ezingo dugulako bozkatu, baina 16 urtetik gorako guztiei dei egiten diegu parte hartzera".