"Baloreen azokaz" ariko dira bihar, Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko ira. 12a, 20:48
Azoka Plaza berritua izango da biharko solasaldian landuko duten gaietako bat.

Azoka Herritik egitasmoaren ibilbidea errepasatzeaz gain, Azpeitiak Herri Hezitzailea izatera bidean eman dituen pausoak eta egin ditzakeen urratsak izango dituzte hizpide biharko solasaldian. Hori ez ezik, Azoka Plaza berrituaren ezaugarriez eta erronkez solastuko dira. 

Baloreen azoka izeneko hitzaldia izango da bihar, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Azoka Herritik egitasmoaren bueltan prestatutako egitarauarem barruan antolatu dute hitzaldia, eta bertan, besteak beste, duela lau urte, 2013ko irailean, jaiotako egitasmoaren ibilbideaz arituko dira. 

Azpeitiko ekonomia sustatzea zuen helburu hasieran, krisiak astindutako garai hartan. Aurretik, baina, 2012ko azaroan, Alde Zaharreko Mahaia bildu zen, hainbat eragileetako kideek, inguruko bizilagunek eta Udalak osatuta. Haien erronka zen "Alde Zahar biziagoa lortzea".

Azoka Herritikeko kideek azaldu dutenez, Alde Zaharraren biziberritzea zazpi oinarriren gainean egitea adostu zuten orduan: "Bizitzeko leku atsegina bilakatzea, jarduera ekonomikoa indartzea, euskararen plaza izatea, erreferentzia kulturala bilakatzea, aisialdirako gunea sortzea, jarduera komunitariorako gune bilakatzea eta etorkinen integrazioaren bidetik, herri kohesionatuaren eredua sustatzea".

Azken lau urteetan zehar, azokak herriko sektore ekonomien artean "elkarlanerako bide berriak ireki" nahi izan dituela esan dute, "baserritarrak, artisauak, merkatariak, herriko taldeak, kirola, bigarren eskuko azoka, bidezko merkataritza eta kultura". Hala, "herritik eta herrirako, azokatik abiatuta, herritarrak oinarri, protagonista eta helburu" izango dituen Azpeitia eraiki nahi dute: "herriko talde eta eragile ekonomikoak harremanetan ipiniz eta elkarlanerako zubi berriak eraikiz; Azpeitian bizitzeko, kontsumitzeko, lan egiteko eta gozatzeko modu berri bat antolatuz; eta bide batez, egun hauek herri solidario, sortzaile eta alai baten erakusleiho bihurtuz".

Horregatik, begirada azken urteetan jarri ez ezik, aurrera begiratu nahi dute, eta egungo zein etorkizuneko Azpeitiaz hitz egingo dute biharko solasaldian. Horregatik, "Azpeitiko talde eta arlo desberdinetako eragileentzat erreminta interesgarri izan daitezkeela ulertuta", bi gai jarriko dituzte mahai gainean: Herri Hezitzailea eta Azoka Plaza berriaren agenda.