'Pasaiako Badia', urriaren 24an pantaila handira

Uztarria.eus 2017ko ira. 12a, 16:46

Aste bereko asteburuan eskainiko dute Pasaiako segadaren inguruko ikus-entzunezkoa Soreasu antzokian. Pasaiako Badia "ikerketa lana, sakontasuna eta zorroztasuna" barnebiltzen dituen dokumentala dela esan dute egileek.

Badu data Pasaiako Badia dokumentalaren estreinaldiak: urriaren 24a, asteartea. Iruñeko Golem zinemetan emango dute aurrenekoz Pasaiako segadaren inguruako ikus-entzunezkoa, eta aste berean, asteburuan, iritsiko da Azpeitira. Oinatzak Produkzioakeko kideek Uztarriari aurreratu diotenez, oraindik ez dute zehaztu Soreasu antzokian zein egunetan emango duten Pasaiako Badia, baina urriaren 27ko asteburuan izango dela jakinarazi dute. 

Pasaiako Badia dokumentalaren xedea da 1984ko martxoaren 22an Pasaian zer gertatu zen kontatzea, eta horren berri ez dutenengana iristea. Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak, eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituela Espainiako Poliziak Pasaiako badian.  

Urtebeteko ikerketa lanaren ostean, 2016ko maiatzean hasi ziren dokumentala grabatzen Oinatzak Produkzioakeko kideak, On Produkzioakeko lagunekin batera. Orduz geroztik ekarrizketa andana egin dituzte, duela 33 urte Pasaian gertatutakoaz ahalaik eta kontakizun zehatzena lortzea xede. Azpeitian ere aritu ziren grabaketa lanetan, eta Arantxa Isart, Pasaiako segadan hildako Pedro Mari Isart Pelitxoren arrebaren adierazpenak jaso zituzten. 

Iazko azaroan, dokumentala egin ahal izateko finantzaketa kolektiboa jarri zuten martxan Xabier Otamendik, Yuri Agirrek eta Erik Aznalek, Oinatzak Produkzioakeko kideek. Haien erronka zen 40 egunetan 8.000 euro lortzea, ikus-entzunezkoaren gastuen zati bati aurre egiteko. "Uste baino lehen" lortu zuten helburua

Azken hilabeteetan Oinatzakeko kideak isilik egon badira ere, "lan eta lan" aritu dira, edizio lanetan, musika grabatzen, diseinu grafikoa egiten eta audio eta irudiaren postprodukzioa egiten, besteak beste. Gaur jakinarazi dutenez, "ia bukatuta" dute dokumentala. 

"Ikerketa, sakontasuna eta zorroztasuna" 

Dokumentalaren ezaugarriei dagokionez, Pasaiako Badiak "kazetaritzak berezkoak dituen ezaugarriak" barnebiltzen dituela esan dute ikus-entzunezkoaren egileek: ikerketa lana, sakontasuna eta zorroztasuna, hain zuzen. Horrez gain, "produktua erakargarria egiteko" elementu narratiboak gehitu dizkiote dokumentalari.

"Alde batetik, kazetaritza lan sakon baten ondorioa da. Gertaeren inguruko hari guztiak ikertu ditugu, eta batzuetan ikerketa lanak fruituak eman ditu. Kasuari elementu berriak gehitu dizkiogu. Lehenengo aldiz, balistika froga egin dugu, eta poliziak postas eskopetarekin egin zuen tiroa 4 eta 5 metro arteko distantziatik egin zela frogatu dugu", jakinarazi dute. Bestalde, Fernando Orgambides El Pais egunkariko kazetariak kasuari "elementu berriak" gehitu dizkiola azaldu dute.

Drama eta thrillerraren nahasketa gisa definitu dute dokumentala Otamendik, Agirrek eta Aznalek: "Batetik, hilketak, bahiketak, torturak, ikertu nahi ez den krimen bat... Nobela beltz baten elementu guztiak biltzen ditu kasuak. Elementu hauetaz probestu eta estetikoki zein narratiboki ere thrillerera gerturatzen den dokumentala egin dugu". Bestetik, "momentu intimo eta hunkigarriak" biltzen dituen ikus-entzunezkoa dela azpimarratu dute.