Etxebizitzen alokairurako laguntzen eskaerak aurkez daitezke urriaren 15era bitartean

Uztarria.eus 2017ko ira. 12a, 18:52

18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urriko pertsonek, banatu edo dibortziatuek, alargunek eta 70 urtetik gorakoek eskatu ditzakete laguntzak. Udalak, gainera, aurten indartu egin ditu laguntzak, eta, guztira, 200.000 euro bideratuko ditu egitasmora, iaz baino 50.000 euro gehiago.

Etxebizitzen alokairua ordaintzeko diru laguntzen deialdia abiatu du Udalak, eta herritarrek urriaren 15era bitartean eska ditzakete. Iaz bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urriko pertsonek, banatu edo dibortziatuek, alargunek eta 70 urtetik gorakoek eskatu ditzakete laguntzak. Udalak, gainera, aurten indartu egin ditu laguntzak, eta, guztira, 200.000 euro bideratuko ditu egitasmora, iaz baino 50.000 euro gehiago, hain zuzen ere.

Diru sarreren arabera jasoko dituzte laguntzak, eta, gehienez, hilean 250 euro jasoko dituzte. Urtebeteko epealdia izango dute, eta aurreko urteetan ere jaso zituztenek aurten ere egin beharko dute eskaera. Era berean, etxebizitza Alde Zaharrean baldin badago, hilean 50 euro gehiago jasoko dute eskatzaileek, Udalaren apustua delako gune hori biziberritzea.

Diru sarreren arabera, honako laguntzak jasoko dituzte:

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio

Laguntzak martxan jarri zituenetik, gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu udalak, eta dagoeneko 200 lagunek baino gehiagok jaso dituzte laguntzak. "Urtez urte herritarren beharretara egokitzen joan gara laguntza horiek, eta gazteentzako izaten hasi baziren ere, gaur egun etxebizitza eskubidea bermatua izateko zailtasunak dituzten beste hainbat kolektibori ere zuzentzen dizkiegu laguntzak", esan du Ainara Larrañaga zinegotziak. Udalaren arabera, "etxebizitza politika berri bat diseinatzeko" hartutako lehen erabakietakoa izan zen alokairuen diru laguntzena. Aurten, berriz, herriko etxebizitza beharrak aztertu dituzte, eta ikerketa bat egin dute. "Etxebizitza beharrak zeintzuk diren, eta herritarren nahiak zeintzuk diren aztertu nahi izan ditugu, ondoren, gure herrira egokitutako etxebizitza politika sustatzeko".