Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak egingo dituzte urriaren 20tik 22ra, Orion

Uztarria.eus 2017ko ira. 11a, 15:01

Euskararen arnasgune diren herrietako gazteek, tartean Azpeitikoek, eman dezakete izena bertan parte hartzeko. Topaketen helburua da, gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatzea kontzientziatzea, aktibatzea eta ahalduntzea.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak antolatu ditu. Orion egingo dituzte jardunaldiak urriaren 20tik 22ra, eta bertan parte har dezakete udalerri euskaldunetako 15 eta 18 urte arteko gazteek. Azpeitia euskararen arnasgune izanik, herriko gazteek ere eman dezakete izena Uemak antolatutako topaketetan. Euskara oinarri hartuta, Orioko Itxaspe baserrian egingo dituzte jardunaldiak, eta bertan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Uemak azaldu duenez, Topaketen helburuetako bat da "euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea", euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarauarekin, gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatzea kontzientziatzea eta aktibatzea eta ahalduntzea lortu nahi dutena. 

Topaketan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako, 943-81 66 99 telefonora deitu edo hezkuntza@uema.eus helbidera idatz daiteke.