Atzerritik etorritako turisten kopurua bikoiztu da, eta behera egin dute euskal herritarren bisitek

Uztarria.eus 2017ko ira. 9a, 19:34

Bisitari gehienak Espainiatik etorritakoak izan dira (%62). Guztira, 1.561 turista gerturatu da Alde Zaharreko turismo bulegora.

Azpeitiko Alde Zaharreko turismo bulegoak 1.561 bisitari jaso ditu aurten abuztua bukatu bitartean. Abuztuan, iazko kontsulta kopuru oso antzekoa jaso du, 413 bisita, guztira. Bisitari gehienak Espainiatik etorritakoak izan dira, % 62a. Atzerritik etorritakoen kopurua bikoiztu egin da. Iaz, bisitarien %9 zen atzerritarra, eta aurten datua bikoiztu egin da (%18). Era berean, behera egin du Euskal Herritik etorritako bisitarien kopuruak.

Abuztuan, astearte eta igandetan bisita gidatuak egin dira, eta herriko ondarea nahieran ezagutzeko aukeran ere izan da turismo bulegoarekin harremanetan jarrita. "Bisitariei zein herritarrei zerbiztu pertsonalizatua jasotzeko aukera eskaini dugu aurten. Aurrez abisatuz gero doan bisitak adosteko aukera, Madalenako ospitalea zein beste zenbait eraikin bisitatzeko eskaintza egin dugu", azaldu du Agustin Lizarralde zinegoziak.

Ostalariak eta bisitariak, gustura

Udalak jakinarazi duenez, bisitariek zein ostalariek iritzi onak erakutsi dizkiote Udalari, eta horregatik balorazio "oso positiboa" egin du: '"Azpeitia bisitarien mapetan kokatzen ari da pixkanaka, eta hori horrela izan dadin lanean jarraituko du Udalak". Datozen hilabeteotan Loiola-Azpeitia 2021 turismo akzio plana sustatzea eta osatzea da Udalaren erronketako bat.

Alde Zaharreko turismo bulegoaren helburu nagusia da Loiolara zein Burdinbidearen Euskal Museora etortzen diren bisitariak herrira erakartzea.