Eman ditu fruituak Arkupehotsaken aurreneko deialdiak

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 20:07
Gaur eman dute aukeraketaren berri Labakak (Udala), Bengoetxeak (Kulturaz), Otaegik eta Gorrotxategik (Bankoa).

23 taldek eman zuten izena Arkupehotsaken lehen deialdian parte hartzeko. Talde horien artetik hamar aukeratu dituzte Kulturazek, Badokek eta Musikazuzeneanek. Bost kontzertu egun zehaztu dituzte, eta aurrenekoan Hartz eta Mikel Uraken izango dira Sanagustingo oholtzara igoko direnak, Azoka Herritik egitasmoaren barruan.

Eman du bere uzta Arkupehotsak egitasmoaren aurreneko deialdiak. Hilabeteren buruan egitasmora aurkeztutako 23 taldeetatik hamar aukeratu dituzte Kulturaz kooperatibak, Badokek eta Musikazuzeneanek, "leku anitzetakoak eta eskaintza interesgarriak dituztenak". 

Musika estilo aldetik "anitza" eta "arlo asko beteko dituen zerrenda" osatu dutela esan dute Kulturazek arduradunek, pop, rock, rap, elektronika, metal gogorra eta folka lantzen dituztelako. Honakoak dira aukeratu dituzten taldeak: Delient (Azpeitia), Hartz (Azkoitia), Kvalvika (Eibar), Mikel Uraken (Santutxu-Bilbo), Zoo (Beskoitze), Ni (Mungia), Bullets of Misery (Gernika), Falta (Hazparne), Autumn (Donostia), Nau (Donostia)

Aukeraketa egitea erraza izan ez dela nabarmendu dute. "Horretan ados egon gara Musikazuzenean, Badok eta kooperatiba. Kontuan izan ditugu aipatu genituen irizpideak: gazteen proposamenak, proposamen berritzaileak, musika adierazpen anitzak, parekidetasun irizpideak, hizkuntza besteak beste", azaldu dute. Gainontzeko hamahiru taldeak azaroan zabalduko den bigarren deialdian sartuko dituzte eta aurkezten diren gainontzeko taldeen artean bigarren aukera bat eskainiko diete.

Guztira, bost kontzertu egun zehaztu dituzte, irailaren 16a, urriaren 29a, azaroaren 17a, abenduaren 22a eta urtarrilaren 12a. Aurrenekoan, hurrengo zapatuan, Hartz eta Mikel Uraken izango dira zuzenekoan, Azoka Herritik baitan egingo den kontzertuan.

Euskal Herriko musikari berriei eta beren doinuei beste plaza bat eskaintzeko asmoarekin abiatu zuen Kulturaz kooperatibak Arkupehotsak egitasmoa, joan den uztailean. 

Sormenari beste bultzada bat

Arkupehotsak egitasmoa kultur sormena bultzatzeko "beste pauso bat gehiago" dela azpimarratu du Josu Labaka Kultura Batzordeburuak, eta  halako ekimenek sortzaile berriei plaza eskaintzerakoan duten garrantzia nabarmendu du. Egitasmoa aurrera ateratzeko hainbat eragilek bat egin dute, eta hori begi onez ikusi du Labakak: "Indarrak batuz lortzen dira pauso handiak ematea; bide horri eutsi behar zaio halako emaitza ederrak jasotzeko".

Bankoa Credit Agricole da Arkupehotsak egitasmoa diruz babestuko duen eragilea. Bertako ordezkari Aitor Gorrotxategi eta Ioritz Otaegik adierazi dute Bankoak "kulturarekin bat" egiten duela, eta "gustu handiz" lagunduko dutela Arkupehotsak sendotzen, "proiektu aberasgarria" delako.

Kulturaz kooperatibak eskerrak eman dizkio Bankoa Credit Agricoli egitasmoa babesteagatik. Horrez gain, esker ona erakutsi die Azpeitiko Udalari, Badoki, Musikazuzeneani, Gazteari eta Kultura Live Elkarteari.