Astelehenean zabalduko dute estalitako igerilekua, obren zati bat bukatuta

Uztarria.eus 2017ko ira. 7a, 12:43

Eraikinaren alde zaharra berritzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko proiektua abiatzeko aritu dira lanean. Egun gutxiren buruan, igerileku ondoko kalean ur hoditegia aldatzeko obrekin hasiko dira. Lan horiek direla eta, zenbait hilabetez trafikoan aldaketak izango direla aurreratu du Udalak.

Joan den uztailean itxi zituen ateak estalitako igerilekuak, eraikinaren alde zaharra berritu eta energia berriztagarriak erabiltzeko proiektu berri bat abian jartzeko. Lanen zati bat bukatuta, datorren astelehenean, irailaren 11n, irekiko dute berriro, ohiko ordutegian. 

Datozen hilabeteetan igerilekuan egingo dituzten lanak bi fasetan egingo dituzte. Hala, lehen fasean, igerilekuaren barnealdeko eta kanpoaldeko paretak eta solairuak eraberritzen ari dira, eta igerileku barruko hainbat instalazio egokitu eta berrituko dituzte. 

Bigarren fasean, berriz, igerilekuaren energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Hala, paretak isolatzeko eta igerilekuko beroa ez galtzeko material bereziak jarriko dute. Horiez gain, eraikinaren teilatuan plaka fotoboltaikoak jarriko dituzte.

Hartuko dituzten neurri horiekin, galtzen den energia %26,7an gutxitu nahi du Udalak, eta kontsumitzen den energia ere %11,5ean gutxitu nahi du. Aurreikusten dutenaren arabera, 266.500 kWh aurreztuko dituzte. Lanen zenbatekoari dagokionez, eraikina isolatzeko hormetan jarriko duten materiala eta plaka fotoboltaikoak 285.000 euro kostako dira. Lanen aurrekontu osoa, berriz, 1.300.000 euro kostako da. Material horien bizi itxaropena 25 urtetik 40 urtera artekoa da, eta hamaika urteren buruan ¡egindako inbertsioak amortizatzea aurreikusten du Udalak.

 Ur hoditeria aldatzeko obrak

Udalak aurreratu duenez, egun gutxiren buruan, igerileku ondoko kalean ur hoditegia aldatzeko obrekin hasiko dira. Lan horiek direla eta, zenbait hilabetez trafikoan aldaketak izango dira, eta horien berri aurrerago emango dute.