Zabalik dago Udal Euskaltegian izena emateko epea

Uztarria.eus 2017ko ira. 6a, 18:06

Hilaren 15a izango da ikastoetan izena emateko azken eguna. Guztira, 30 ikastarotik gora eskainiko dituzte bertan, eta ikasleek honako tituluak eskuratzeko aukera izango dute: B1 (1.maila), B2 (2. maila), C1 (3. maila, EGAren baliokidea) eta C2 (4. maila). Langabetuek doan jasoko dituzte eskolak.

Opor garaia amaitzearekin batera zabaldu du 2017-2018 ikasturterako matrikulazio epea Azpeitiko Udal Euskaltegiak. Izena emateko epea hilaren 15era artekoa da, eta interesa dutenek matrikula Euskara Patronatuan bertan egin beharko dute (Musika eskolaren beheko solairuan, Perdillegi 1ean),  08:00etatik 18:00etara bitartean.

Azken urteetan bezala, guztira, 30 ikastarotik gora eskainiko dituzte Udal Euskaltegian, "euskaldunentzat, erdaldunentzat, etorkinentzat, gurasoentzat, administrazioko langileentzat, irakasleentzat, osasun arloan ari direnentzat, ostalaritzako langileentzat...". Gainera, jakinarazi dutenez, mintzapraktika taldeetan aritzeko aukera ere egongo da. 

Klaseak jasotzeaz gain, Udal Euskaltegian matrikulatzen diren ikasleek honako titulu hauek lortzeko aukera izango dute: B1 (1.maila), B2 (2. maila), C1 (3. maila, EGAren baliokidea) eta C2 (4. maila). Langabezian dauden herritarrek ez dute matrikula ordaindu beharko eta gainerako ikasleek bekak eta laguntzak jasotzeko aukera izango dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, 943-81 19 47 telefonora deitu, euskaltegia@erabili.eus helbidera idatzi edo Udal Euskaltegira bertaratu beharko da, bulegoko ordutegian.