Bihar hasiko da ikasturtea Juan Antxieta musika eskolan

Uztarria.eus 2017ko ira. 4a, 14:01
Juan Antxietako ikasleek ikasturte bukaeran eskainitako kontzertuko irudia. (Maialen Etxaniz)

Aurten 4 eta 5 urte egin dituzten ikasleek urrian ekingo diote ikasturteari. Musika eskolan aritzeko matrikulazio epea zabalik dago, plazak amaitu bitartean.

Udan atsedena egin ostean, bihar, irailak 5, hasiko dira martxan Juan Antxieta musika eskolan. Ikasgeletako ateak zabaldu eta berriro klaseak eskaintzen hasiko dira ohiko ordutegian.

Aurten, aurrenekoz, 4 eta 5 urte bete dituzten haurrak gainerako ikasleak baino beranduago hasiko dira ikasturtearekin. Izan ere,  musika eskolako ikaslerik gaztetxoenek urrian ekingo diote klaseei. Data gerturatzen joan ahala jakinaraziko dute egun zehatza.

Matrikulazioa, zabalik

Musikaz ikasi eta musikarekin gozatu nahi dutenek oraindik eman dezakete izena musika eskolan. Gaur, astelehena, zabaldu dute matrikulazio epea, eta irekita egongo da plaza guztiak amaitu bitartean. 

Informazioa eskatu edo izena eman nahi dutenek musika eskolako bulegoan (Perdillegi kalea 1) egin dezake, astelehenetik ostiralera bitartean, 10:30etik 12:30era bitartean eta 17:30etik 19:30era, astelehenetik ostegunera. Telefonoz harremanetan jartzeko, berriz, 943-81 62 63 zenbakira deituta egin daiteke.