Eneko Arbeo: "Segitzea nahiko nuke zalantzarik gabe, asmoa badut"

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 19a, 18:45
Eneko Arbeo. (Julene Frantzesena)

Eneko Arbeo soinu-jotzaile azpeitiarrak eta Mireia Ibabe pandero-jotzaile bergararrak irabazi zuten joan zen abuztuaren 15ean Euskal Herriko Trikitilari Gazteen XXXVII. Txapelketa, Zeanurin (Bizkaia). Sei bikotek parte hartu zuten finalean, eta azpeitiarra "gustura" da txapela lortuta. Datozen asteetan beste hainbat txapelketatan parte hartuko du bikoteak. Urola Kostako Hitzarekin hitz egin du Arbeok.

Zer moduz sentitu zinen Zeanuriko oholtzan?

Gustura. Aurretik bi aldiz parte hartutakoak ginen Euskal Herriko txapelketan, baina, hala ere, beti egoten da tentsio puntu hori. Duela bi urte azpitxapeldun izan ginen.

Arantza kendu duzue, beraz.

Bai, bai, arantzetako bat kendu dugu.

Espero zenuten irabaztea?

Ez. Gu lanak ondo egitera joaten gara txapelketetara, eta etxean egindakoa egiten badugu oholtzan, gustura.

Lau pieza jo behar zenituzten txapelketan. Zein duzu gustukoen?

Bai, trikitia, fandangoa, arin-arina eta porrusalda jo behar genituen. Gehien fandangoa gustatzen zait, baina trikiti piezek kanturako tartea dute, eta jokoa ematen du horrek.

Nola prestatzen dituzue txapelketak?

Lau pieza horiekin aritzen gara jira eta buelta, eta ez dugu normalean baino entsegu gehiago egiten. Txapelketatik txapelketara aldatu egiten dira piezak eta horien kopuruak. Hau da, batzuetan hiru kanta izaten dira, eta beste batzuetan pieza desberdinen nahasketa jo behar izaten dugu. Beraz, txapelketaren arabera, egin beharreko lanak prestatzen ditugu. Alderik txarrena da lau pieza horiekin kokoteraino egiten zarela, eta beste kantak jotzeko astirik hartzen ez baduzu are nekagarriago egiten dela. Horregatik, etxean entseatzen dudanean-eta bestelako piezak jotzea gustatzen zait.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Hona hemen, txapelketa irabazi ostean Arbeok eta Ibabek jo zuten piezaren bideoa: