Saninazioak 2017

Festen balorazioa eginda, "herritik eta herriarentzako festak" antolatzen jarraituko duela berretsi du Haujijijaik

Uztarria.eus 2017ko abu. 5a, 13:19

Haujijijai festa batzordeak festen irakurketa egin du, eta eskerrak eman dizkie "festa eredu herrikoiarekin" bat egin eta borondatez lanean ibili ziren guztiei: "Pozgarria da urtez urte esku bat botatzeko prest zaudetenon prestutasuna gero eta handiagoa dela ikustea". Batzordearen arabera, "gero eta errazagoa" zaie laguntzeko prest dagoen jendea inguratzea, eta hori "herritarrak festa eredu honekin konpromisoa erakustearen eta atzean dagoen lanaz ohartzearen" seinale dela uste dute. "Azpimarratu nahi dugu borondate hori izango dela aurrerantzean ere gure festa gauzagarri egingo dutena", gaineratu dute.

Egungo festa ereduen "alternatiba" direla berretsi dute, bide bide horretan jarraitzeko asmoa dute. "Ez dugu onartuko alderdiei publizitatea egiten diegula esaterik eta ezta alderdien publizitaterako erabiliak izaterik". Izan ere, beren lana "autonomoa" dela esan dute. Astero egiten dituzte asanbladak, eta han hartzen dituzte erabakiak. Zentzu honetan, gogoratu dute asanbladetan "herritar guztiek" har dezaketela parte.

"Festa batzordea tradizioa eta handikeria oinarri dituen festa ereduarekin hausteko sortu zen. Hala, festa eredu horrek kanpoan uzten zituen herritar horiei beste balio batzuetan eraikitako festak eskaini nahi izan zaizkie, balio horiek herritar guztiengana heltzeko helburuarekin". Hori hala, "herritik eta herriarentzako festak" egiten jarraituko duela berretsi du jai batzordeak.

Emakumeak, "errekonozimendu guneen jabe"

Festa batzordeak aurtengo jaietako hainbat ekitaldi azpimarratu ditu. Besteak beste, Emakumeok plazara saioak izan duen harrera nabarmendu dute. Ildo honetan, beharrezkotzat jo dute emakumeak "gune publikoen eta errekonozimendu guneen jabe" egitea, eta bide horretan, aurrerantzean aurrerapausoak emateko konpromisoa hartu dute.

Eraso sexisten aurrean, berriz, "autodefentsa sareak" sortzea beharrezkotzat jo dute, eta "borroka honen sinbolo" bilakatu diren eremenduei "beharrezko lekua" eman behar zaiela berretsi dute.