Sanagustin leporaino bete da 'Hiru lore beltz' emanaldiarekin

Uztarria.eus 2017ko uzt. 29a, 16:02

Festen atarian, atzo, eskaini zuen herriko sortzaile hainbatek Hiru lore beltz emanaldia Sanagustin kulturgunean. Elkar-ekinek, Dinamoak eta hainbat herritarrek azken hilabeteetan prestatutako ikuskizunak arrakasta itzela izan zuen; izan ere, dozenaka eta dozenaka lagun bertaratu ziren kulturgunera 22:00etarako.

Duela 44 urte, 1973an, hiru senegaldar hil ziren Ezpeletako (Lapurdi) mendi elurtuetan, gosez, hotzez nahiz bakardadez. Gertakizun hori zuen abiapuntu emanaldiak, eta Fernando Aire Xalbador-ek gertaera horri buruz idatzi zuen Mendian galdu direnei bertso sorta izan zen emanaldiaren hezurdura. Hain zuzen ere, migratzaileek bizi duten egoeraren hertzak ukitu zituzten emanaldian, kultur diziplina desberdinak uztartuta. Izan ere, kultur sorkuntza kolektiboa izan da Hiru lore beltz ikuskizuna.

Leire Ostolazak abestutako bertsoak entzun ahal izan ziren ekitaldian zehar, eta musika, dantza, poesia, irudiak eta antzerkia uztartu zituzten bertan. Jon Gurrutxagak eta Felipe Murillok hainbat abesti kantatu zuten, hala nola Joan Manuel Serraten Mediterraneo abestiaren moldaketa, soka laukote batek lagunduta. (Honako bideo honetan ikus daiteke abesti horren zati bat)

Umore ukitua ere izan zuen ikuskizunak; izan ere, herriko hainbat aktorek egindako spot batzuk eman zituzten emanaldiaren tarteetan. Gainera, Xabi Bordak idatzitako poemak errezitatu zituzten Kepa Urbietak, Juan Azpillagak eta Miren Gorrotxategik. Eta dantza ere taularatu zuten hiru herritarrek ondoren. Ekitaldiari bukera bi zirikatzailek eman zioten: Nekane Zinkunegi eta Aritz Arzallus.