Elurretan zimeldu ziren hiru lore beltzei keinua

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 28a, 13:18
Emanaldia osatzen aritu diren lantaldeetako kideak. (Julene Frantzesena)

Herriko hainbat eragilek eta sortzailek Hiru lore beltz emanaldia eskainiko dute gaur, 22:00etan, Sanagustinen. 1973an Ezpeletan hil ziren hiru migratzaileren historia da ikuskizunaren ardatza.

Ezpeletan, Lapurdin. Hango mendi elurtuetan. 1973a zen. Migratzaileak ziren, Senegalekoak. Trafikatzaileek abandonatu zituzten. Eta hotzez, bakardadez, gosez hil ziren, mendian. Hiru gizon beltz elurrak utzitako paisaia zurian zendu ziren.

Gertakari hura gai hartuta, Mendian galdu direnei bertso sorta osatu zuen Fernando Aire Xalbador-ek. Eta bertso haien hezurduran oinarrituta Hiru lore beltz emanaldia prestatu dute gaurko Elkar-ekinek, Dinamoak eta sortzaile hainbatek. Hain zuzen ere, hamar bertsotako sortatik zortzi aukeratu dituzte, eta horiek izango dira ikuskizunaren ardatza.

Ekitaldia ontzen aritu diren kideetako batzuk dira Eneritz Arzallus (Errezil, 1991), Juan Azpillaga (Zarautz, 1958), Lierni Varela (Azpeitia, 1993), Felipe Murillo (Azpeitia, 1987), Izaro Zinkunegi (Errezil, 1992) eta Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997).

Duela bi urte, hainbat herritarrek urte sasoi honetarako egin zuten Makina zoriontsuak. Uda gau bat fabrikan emanaldia du aurrekari proiektuak. Zinkunegik dioenez, "gai sozial bat jorratzen zuen kultur ekitaldi bat" sortzeko proposamena jaso zuten, eta ideia horrekin hasi ziren lanean joan zen otsailean. "Sei-zortzi lagun hasi ginen biltzen. Gaia erabakitzen aritu ginen, eta Jose Luis Otamendik proposatu zuen Xalbadorren bertsoetan oinarritutako ikuskizuna egitea. Gustatu egin zitzaigun iradokizuna, eta haren gainean hasi ginen hezurdura osatzen". Azpillagak dio "klabea" izan zela proposamena egitean buruan sortu zitzaien ideia: "Hiru pertsona beltz elurretan. Kontraste hori izugarria da, irudia oso-oso indartsua da. Eta kontraste hori izan zen ekitaldiaren nondik norakoa markatu zuen ardatza".

Erreportaje osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.