Saninazioen atarian, hasi dira azken prestaketak

Uztarria.eus 2017ko uzt. 27a, 14:25

Egun gutxi falta dira saninazioetarako, eta urtero data hauetan egin bezala, jaietarako azken uneko prestaketak hasi dira herrian. Esaterako, gaur, uztailak 27, Marea Arroxak plazan jartzen duen txosna muntatzen hasi dira, plazan. Aurtengo festetan egongo den txosna bakarra izango da jai herrikoien aldeko batzordearena.

Txosnagunearen ordez, karpa

Azken urteetan ez bezala, aurten ez dituzte txosnak jarriko Azoka Plazaren atzeko aldean. Arrazoi ezberdinak medio, aurten aurrenekoz karpa handi bat jarriko dute txosnagunea zen lekuan, eta bertan izango dira Marea Arroxak antolatutako kontzetuak eta ekitaldiak. Zelai Luze inguruan jarri izan duten jantokia ere ez da egongo aurtengo jaietan, eta karparen inguruan jarriko dute sukaldea eta ogitartekoak jateko lekua. Gaztetxeak, Ernaik, Gora Herriak eta presoen aldeko taldeak jarriko dute karpa, elkarlanean, eta gaur arratsaldean hasiko dira muntaketa lanekin.