Sanjuandegiko autobus geltokiaren inguruan "gardentasun falta" egotzi dio EAJk Udal Gobernuari

Uztarria.eus 2017ko uzt. 21a, 12:10
Sanjuandegiko autobus geltokia

Autobus geltokia berriz Sanjuandegin jartzeko erabakiaren inguruan "koherentzia falta izugarria" dagoela esan dute Azpeitiko jeltzaleek.

Sanjuandegiko autobus geltokiaren inguruan "gardentasun falta" egon dela egotzi dio Azpeitiko EAJk Udal Gobernuari, eta gertatutakoa "azkenaldian errepikatzen ari den patroi bat" dela salatu du. 

Jeltzaleen esanetan, alderdiari "behin eta berriz" ukatu diote "txosten teknikoa eta segurtasuna bermatzen den edo ez aztertzeko informazioa". "Udal Gobernuak berak hartutako erabaki baten aurrean gaude, eta herriko EAJk ez du zerikusirik erabakiarekin". 

Autobus geltokia berriz Sanjuandegin jartzeko erabakiaren inguruan "koherentzia falta izugarria" dagoela esan dute, eta "harridura" agertu dute "oso denbora gutxian" erabaki dutelako: "Orain dela aste batzuk herritarrekin izandako bilera ireki batean, alkateak, dauden iritzi kontrajarriei erantzunez, erabaki sendo bat hartzeko sei hilabete zeudela esan zuen. Ez dugu ulertzen zer gertatu den hain denbora gutxian eta halako presarekin autobus geltokia berriz Sanjuandegira itzultzeko". 

Gaineratu dute txostena idatziz eskatu behar izan dutela, eta haien arabera, "ez da lehendabiziko aldia informazio ukatzen zaiguna". "Beraz, Udal Gobernuari eskatzen diogu publikoki hainbestetan aipatzen duen gardentasuna benetan ezartzen has dadila".