Eraginkortasun energetikoa hobetzeko lanak direla-eta, barruko igerilekua itxita izango da astelehenetik irailaren erdi aldera

Uztarria.eus 2017ko uzt. 19a, 16:43
Igerilekuaren eraikina eraberritzeko lanak hasiko dituzte hilaren 24an.

Igerilekuaren eraikin zaharra eraberritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egingo dituzte datozein hilabeteetan. Ondorioz, hainbat aldaketa egingo dituzte eraikinean, datozen asteetan. Hartuko dituzten neurriekin galtzen den energia %26,7an gutxitu nahi da, eta kontsumitzen den energia ere %11,5ean gutxitu nahi da. Urtean, 266.500 kWh aurreztuko dute. Lanen aurrekontu osoa, berriz, 1.300.000 euro kostako da.

Igerilekuaren eraikin zaharra eraberritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egingo dituzte datozein hilabeteetan, eta, ondorioz, hainbat aldaketa egingo dituzte eraikinean, datozen asteetan. Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeburu Estitxu Elduaienek adierazi duenez, "energia kontsumo handiena" duen udal eraikin publikoa da igerilekua.

1980ko hamarkadan eraiki zuten igerilekua, eta Aitor Bereziartua hirigintza zinegotziaren esanetan, aurreko legealdian, udal igerilekuko instalazioak berritzeko hainbat lan egin zituzten. Era berean, gaineratu du energia-eraginkortasuna lortzeko lehen pausoa orduan eman zutela: "Ur beroa ematen duten Barrenetxe auzoko iturburuak aprobetxatu ditugu igerilekuko ura berotzeko. Apustu ausarta izan da, baina emaitza onak lortu ditugu, energia aurrezteari dagokionean".

Aipatutako eraginkortasun energetikoa areagotzeko, azken urtean beste proiektu bat aztertu dutela esan du Elduaienek, eta eraikina zaharberritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko obra "garrantzitsu" horiek hil honen 24an hasiko dituztela eman du jakitera, eta lanak irailaren erdira arte luzatuko direla aurreikusi dute. 

Lanak, bi fasetan

Datozen hilabeteetan igerilekuan gauzatuko diren lanak bi fasetan egingo direla adierazi du hirigintza zinegotziak. Hala, lehen fasean, igerilekuaren barnealdeko eta kanpoaldeko paretak eta solairuak eraberrituko dira, kanpoko igerilekurako sarrerak egokituko dira eta igerileku barruko hainbat instalazio egokitu eta berrituko dira. Lan horiek guztiak bost hilabeteko epean egitea aurreikusten dute. Bigarren fasean, berriz, igerilekuaren energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. "Hala, paretak isolatzeko eta igerilekuko beroa ez galtzeko material bereziak jarriko ditugu. Horiez gain, eraikinaren teilatuan plaka fotoboltaikoak jarriko dira".

Bereziartuaren esanetan, hartuko dituzten neurri horiekin, galtzen den energia %26,7an gutxitu nahi da, eta kontsumitzen den energia ere %11,5ean gutxitu nahi da. Eta urtean, 266.500 kWh aurreztuko dutela adierazi du. Lanen zenbatekoari dagokionez, eraikina isolatzeko hormetan jarriko duten materiala eta plaka fotoboltaikoak 285.000 euro kostako dira. Lanen aurrekontu osoa, berriz, 1.300.000 euro kostako da. Material horien bizi itxaropena 25 urtetik 40 urtera artekoa da, eta hamaika urteren buruan ¡egindako inbertsioak amortizatzea aurreikusten dute.   

Aldaketak, igerilekuan

Energia aurrezten jarraitzeko, igerilekuko eraikinean egingo diren lanak medio, hainbat aldaketa izango dira, datozen asteetan. Hala, sauna zerbitzua itxita egongo da uztailaren 17tik irailaren 4ra arte. Sei kaleko igerilekua eta igerileku txikia, berriz, uztailaren 24tik irailaren 10era itxita egongo dira. Eta lau kaleko igerilekua irailaren 4tik aurrera igerirako gune bakarrik erabili ahalko da, eta ez kanpoko igerilekuko gune ludiko bezala. Horiez gain, gimnasioa abuztu osoan zabalik izango da: astelehenetik zapatura 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Igande eta jai egunetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara izango da zabalik.

Azkoitiko eta Zumaiako igerilekuak

Elduaienek jakinarazi du, igerilekua obretan den denbora horretan, Azpeitiko Kirol Patronatuko bazkideek igerilekuko eta saunako zerbitzuak Azkoitiko eta Zumaiako kiroldegietan erabiltzeko aukera izango dutela, bazkide txartela aurkeztuta.

Azkoitiko eta Zumaiako kiroldegiek udan izango duten ordutegiaren inguruko informazioa ere eman dute gaurko agerraldian. Azkoitiko kiroldegia: Astelehenetik ostiralera: 07:00etatik 21:00etara. Zapatuetan: 09:00etatik 20:00etara. Igande eta jai egunetan: 09:00etatik 14:00etara. Abuztuaren 7tik 20ra itxita izango da. Zumaiako kirolegia: Astelehenetik ostiralera: 07:00etatik 22:00etara. Zapatuetan: 09:00etatik 14:00etara, eta 15:30etik 20:00etara. Igande eta jai egunetan: 09:00etatik 14:00etara.

Igerilekuaren eraikin zaharra eraberritzeko eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanek sortu ditzazketen eragozpenengatik "barkamena eta pazientzia" eskatu ditu Elduaienek. Eta, gaineratu du, lanak udan egitea erabaki dutela erabiltzaile gutxien sasoi horretan izaten direlako. Alabaina, gogoratu du, egingo diren obrak "guztien onerako" izango direla.