Astelehenean zabalduko dute Azoka Plaza berritua, behin-behinean

Uztarria.eus 2017ko uzt. 18a, 16:27
Azoka Plazara berrituaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte gaur, asteartea, Udal ordezkariek eta berrikuntza lanen arduradunek. (Maialen Etxaniz)

"Erabiltzeko moduan dagoen zatia" zabalduko dute uztailaren 24an, eta erabilgarri izango da festetan. Hala, bertan jarri ahalko dituzte beren postuak azken hilabeteetan Frontoi Txikian egon diren baserritarrek. Lan guztiak udazkenean amaituko dituztela aurreikusten du Udalak.

Azoka Plaza berrituaren beherko solairuaren zati bat erabilgarri izango da astelehenetik, uztailaren 24tik, aurrera. Festak gainean direla ikusita, "erabiltzeko moduan dagoen zatia" irekitzea erabaki du Udalak, datozen jaietan gune horri erabilera bat eman ahal izateko. Modu horretan, iazko abuztutik postuak Frontoi Txikian jartzen dituzten baserritarrak Azoka Plazara itzuliko dira datorren astelehenean. 

Zabalduko duten gunea Azoka Plazaren beheko solairuaren zati bat da. Izan ere, goiko solairuan Urola Erdiko Mankomunitatearen bulegoek hartuko dute leku. Beheko solairuak, berriz, bi zati izango ditu. Alde batetik, denetariko ekintzak egiteko erabilera anitzeko gunea egongo da, eta hori da datozen egunetan zabalduko duten zatia. Bertan, produktuen aurkezpenak, herri bazkariak, stock azokak... egiteko aukera egongo da lan guztiak bukatutakoan. Baina santioetarako nahiz saninazioetarako, erabilgarri jartzea erabaki du Udalak. Hala, bertan jarriko dituzte baserritarren postuak eta han egingo dute Bakailao Txapelketaren osteko bazkaria. Egin dituzten lanen ostean, Azoka Plazaren beheko solairua alboetatik estaltzen duen beiratea zabaltzeko aukera izango da astelehenetik aurrera. Horrek zabaltasuna emango dio beheko solairuari. 

Bestetik, 150 kilometroren bueltan ekoiztutako elikagaiak salduko dituen Elikagunea saltoki egongo da Azoka Plaza berrituan. Oraindik bukatu gabe dagoen zatia da hori. Bertan, Azpeitiko, eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko produktuak salduko dituzte. Izan ere, Udalaren helburua da Azoka Plaza "ekonomia, lehen sektorea eta bertako produktuak sustatzeko motorea" izatea. Elikagunearen barruan, sukaldea egongo da, eta bertako lehengaiekin egindako plater ez industrial ontziratuen obradorea izango da. Plater prestatu horiek saltoki iraunkorreko hozkailuetan egongo dira salgai. 

Bukatu ez dituzten lanen artean daude Elikagunea eta Azoka Plazaren alde batean jarri dituzten komunak. Horiek lehen kioskoaren azpian zeuden komunen ordez jarri dituzte, eta "bukatzear" badaude ere, festen ostean irekitzea erabaki dute. 

2014. urtean hasi ziren Azoka Plaza berritzeko obrak, eta orduz geroztik hainbat fasetan banatu dituzte berritze lanak. Beheko solairuaren obrei dagokionez, joan den abuztuan hasi zituzten konpontze lanak. Astelehenean, behin-behinean zabalduko dute, baina Udalak aurreikusten du datorren udazkenerako amaituta izango direla lan guztiak.