Luzatu egin dute datorren ikasturtean herrian ikastaroak emateko proposamenak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2017ko uzt. 10a, 17:45

Hasiera batean ekainaren 30a bazen ere proiektuak aurkezteko azken eguna, datorren ostiralera arte, uztailaren 14a arte, egongo da horretarako aukera. Eskaera-orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txosten bat aurkeztu beharko da.

2017-2018 ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi duten herritarrek beren proposamenak aurkez ditzakete oraindik. Izan ere, Hezkuntza Sailak proposamenak aurkezteko epea luzatu du, ostiralera arte. Proiektuak udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu beharko dira, eskaera-orriarekin eta ikastaroaren nondik-norakoak azalduko dituen txostenarekin batera.

Txosten horretan, besteak beste, ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzenduta dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Aldiz, ikasturte honetan ikastaroa eskaini dutenek, eskaera orria beteta nahikoa izango dute.

2016-2017 ikasturtean ikastaroren bat eman dutenen kasuan, egiten den proposamena orain artekoarekin jarraitzea bada, ez dute txostena aurkeztu beharko; nahikoa izango da eskaera orria betetzearekin. 

Ondoren, proiektuen balorazioa egingo du Udalak, eta aukeraketa fasean sartzeko hurrengo baldintzak bete behar dira: lantzea proposatzen duen gaiaren inguruko titulazioa edota lan esperientzia izatea, zerbitzu hori herrian beste inon ez eskaintzea eta Udaleko sailen bateko helburuekin bat egitea.

Aukeratutako proiektuei publizitatea egiteaz Udala arduratuko da, eta ikastaroa eskaini ahal izateko lokala ere utziko du. Udalak eta ikastaroa eskainiko duen pertsonak hitzarmena sinatuko dute. Bertan zehaztuko dituzte bi aldeen betebeharrak.