Hautsak harrotu ditu Alex Txikonek kaleratutako gutunak

Uztarria.eus 2017ko uzt. 7a, 16:20
Alex Txikon probako une batean. (Ihintza Elustondo)

Joan den larunbateko apustuaren harira, eta ospitaletik irten berritan, gutun bat plazaratu du Alex Txikon mendigoizale lemoarrak. Probatik ondoezak jota erretiratu ostean, hil egingo zela pentsatu zuela aitortu du. Gainera, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren jarrera salatu du, eta Iñaki Arratibel medikuari ez lagundu izana leporatu dio.

Alex Txikonek gutun bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, joan zen larunbatean Mikel Larrañagaren aurka jokatu zuen apustuan gertatutakoaren harira. Hautsak harrotu ditu gutunak; izan ere, zezen plazara hurbildu ziren zaleei barkamena eskatzeaz gain, medikuen eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren jarrera salatu du. Mendigoizale lemoarrak ondoezak jota apustutik erretiratu ondorengo bizipenak kontatu ditu gaztelaniaz idatzitako gutunean. Hark dio hil egingo zela pentsatu zuela behin eta berriz: "Hil egingo naizela sentitzen dut, hau bukatu egingo da. Negarrez hasi nintzen anbulantziara sartu aurretik, ez bainuen nahi hiltzerik".

Apustuaren ondorenean hipogluzemiak jota erretiratu zela jakinarazi bazuten ere, Txikonek dio deshidratazio larriarekin eraman zutela ospitalera. Joan den asteartean, gainera, berriz ospitaleratu zuten ahuldadeagatik. Txikonen arabera, ospitalera eraman aurretik, hamar minututan litro eta erdi suero eman zizkioten: "Minutuko 20 taupada nituen eta odoleko oxigenoaren saturazioa %68ra jaitsi zitzaidan". Atzo eguerdian hartu zuen mediku agiria Txikonek, eta etxean da lemoarra dagoeneko.

Mendizaleak argitaratu duen gutunean bere gain hartzen ditu apustuaren ardurak eta aitortzen du hainbat akats egin duela desafioa prestatzerakoan. Gainera, argitu du apustua baino astebete lehenago ohetik altxatu ezinik egon zela, bi saihets pitzatuta zituelako entrenamendu batean. "Uztailaren 1ean ez nuen zezen plazara atera behar bi sahiets pitzatuta, baina presioak gain hartu zidan. Horregatik, barkamena eskatzen dut irizpide faltagatik, eta eskerrak eman nahi dizkiet lagundu didaten guztiei. Lotsa sentitzen dut hartutako erabakiengatik, baina ez dut egia kontatzeko beldurrik, akatsetatik ikasten baitugu".

Akatsak onartu bai, baina salaketa hitzak ere plazaratu ditu Txikonek. Batetik, Iñaki Arratibel medikuaren jarrera salatu du. Arratibel Mikel Larrañagaren medikua zen apustuan, eta hari leporatu dio mendigoizaleak hipogluzemiak jota ospitaleratu zutela esan izana. Gainera, ospitalera eraman bitartean Arratibelen laguntzarik ez zuela jaso esan du. "Medikua gehien behar nuenean, alde egin zuen Arratibelek. Agian, egunen batean pertsona eta mediku ona izango zen... Bergarako kontsultara bidaliko dizkiot hango barrubete batzuk, entrenamendu faltak eragindako hipogluzemiarentzat".

Bestalde, lemoarrak Gipuzkoako Herri Kirol Federazioari leporatu dio partzial jokatu izana, eta urik ez eman izana proban zehar. "Hiltzear nengoela ikusita ere, ez zidaten urik eman eta probatik kanporatzearekin mehatxatu ninduten. Larrañagari, berriz, lehen enborra elastikorik gabe mozten utzi zioten, kanpoko laguntza jaso ahal izan zuen, heldu egin zioten... Gainera, medikurik ere ez zegoen apustua gelditzeko".