80 urtetik gorako azpeitiarren egoeraren argazkia, eskuetan

Uztarria.eus 2017ko uzt. 7a, 21:50
Udal ordezkariak eta teknikariak, eta Baigerako kideak, gaurko aurkezpenean.

80 urtetik gorako herritarren egoera ezagutzeko egin duten ikerketaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte Udalak eta Baigerak. "Inoiz Gizarte Zerbitzuetara gerturatu ez diren horiengana iritsi gara, eta hori da ikerketa honen lorpen handiena", nabarmendu dute azterketaz arduratu direnek.

Urte hasieran iragarri zuen Udalak 80 urtetik gorako azpeitiarren egoera eta beharrizanak ezagutzeko azterketa martxan jarriko zuela, eta gaur aurkeztu dituzte azterketa horren ondorio nagusiak. Baigera jubilatuen elkartearekin duen elkarlanaren barruan gauzatu dute azterketa, eta bi erakundeetako ordezkariak izan dira aurkezpenean, azterketa egin duten gizarte laguntzaileekin batera.

Azterketaren aurrekariak kokatzeko, datuak emanez hasi da Estitxu Elduaien Udaleko Gizarte Zerbitzuen batzordeburua. "Denak gara jakitun gizartea zahartzen ari dela, eta datuak ditugu hor, dagoeneko hori erakusten dutenak. 2016ko abenduan, Azpeitiko biztanleen %21ek 65 urtetik gora zituen. Beraz, biztanleriaren %20 da adinekoa, eta aurrikusten da 2031n %30era iritsiko dela kopuru hori". Kopuruen garrantzia ahaztu gabe, adinekoena, era berean, "gizarte babes eta arreta berezia merezi" duen sektorea dea gogoratu du. "Udalaren ardura da herritar guztien babes soziala eta bizi baldintza duinak bermatzea, eta are gehiago sektore honena". Helburu horrekin abiatu zuten Baigerarekin elkarlana orain dela bi urte, "adineko pertsonengana hurbiltzeko, zer behar dituzten aztertzeko eta, horren arabera, beharrezko neurriak hartzeko". Eta elkarlan horren orain arteko azken emaitza da gaur aurkeztu duten txostena.

Urtarrilean hasi eta martxora arte, bi gizarte langile ibili ziren azterketa osatzeko lanean. 80 urtetik gorako 925 pertsona zeuden erroldatuta Azpeitian ikerketa abiatu zuten momentuan. Horietatik, 552k ez zuten Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanik; hau da, ez zuten zerbitzu horrek bideratutako inolako laguntzarik jasotzen. Horrela, herritar horien zerrenda hartu eta, banan-banan, "haiengana iristeko ahalegina" egin zuten azterketaren ardura izan duten gizarte langileek. Helburua zen pertsona horiek "zer egoeratan zeuden jakitea, informazioa ematea eta, egoeraren arabera, zegozkien laguntzak bideratzea", azaldu du Elduaienek.

Azkenean, 80 urtetik gorako 337 herritarrekin osatu dute azterketa, eta datu horrek "bi irakurketa" egiteko bidea irekitzen duela esan du Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak: "Alde batetik, positiboa da emaitza, Gizarte Zerbitzuekin harreman zuzenik ez zuten beste 337 pertsonarengana iristea lortu dugulako; jauzi kualitatibo handia da hori. Baina, horren kontrapuntua da beste 116 herritarrengana ez garela iritsi. Kasu batzuetan, ez dutelako azterketan parte hartzea nahi izan (64); eta beste batzuetan, berriz, helbide aldaketak-eta tarteko, ez dugulako lortu berengana iristea (52)". Azken horien kasuan, aurrerantzean ere harremanetan jartzeko ahaleginean jarraituko dutela adierazi du Elduaienek.

Ondorioak, multzoka

Aitor Beloki eta Naroa Otaegi gizarte laguntzaileek aurkeztu dituzte beraiek landu duten azterketaren ondorio nagusiak. Multzoka banatuta eman dituzte emaitzak.

Egoera ekonomikoaz galdetu diete adinekoei: "Familien %69,7k esan dute hil amaierara ondo iristen direla, %24,9k zailtasun batzuekin iristen direla, %4,5ek nahiko larri, eta %0,9k ez direla iristen. Inork ez du adierazi oinarrizko beharrizanak asetzeko arazorik duenik. Ikusi dugu, ordea, aisialdirako gastuekin dituztela arazoak, gehienek hortik murriztu dituztela gastuak. Eta aisialdia bada tresna garrantzitsua adineko pertsonetan, bakardadeari aurre egiteko".

Ekonomiaren gainekoekin jarraituta, "%21ek aurreztuta zutenera jo behar izan dutela" ikusi dute aztertzaileek, eta nabarmena dela "familia dela lehenengo babes soziala. Administraziora gero jotzen dute, familiarekin iristen ez direnean".

Bakarrik bizi diren pertsonak azterketan parte hartu dutenen %27,1 dira, eta horietatik gehienak alargunak dira. "Hala ere, ez dugu antzeman bakardade zantzu handirik. Gehienak nahikoa autonomoak direla esan daiteke, eta gehienek harreman ona dutela familiarekin".

Autonomia maila ere aztertu dute, eta "denetik ikusi" dutela azaldu dute gizarte langileek, "erabat autonomoak direnak eta ezinbestean laguntza behar dutenak ere bai. Jende askok nabarmendu du, esaterako, etxeko garbiketarako laguntza behar dutela".

Etxebizitzen ezaugarriak direla eta, orokorrean "etxeak egoera onean" daudela ikusi dute aztertzaileek, baina hainbat oztopo arkitektoniko ere nabaritu dituzte. "Bainugelen egokitasun eza, ohe artikulatuen beharra eta igogailuen premia" lirateke gabezia nagusiak.

Osasun egoerari dagokionez, elkarrizketatu dituztenen %65,5ek esan du osasun maila ona duela, "eta gainontzekoek hala-nolakoa, batzuek hobeto eta besteak okerrago". Horrekin ondorioztatu dute "etorkizun hurbilean pertsona horien gaitasuna murrizteko eta mendekotasun egoerak ugaritzeko dagoen arriskua".

Zaintzarekin lotuta, %64k momentuz ed du laguntzarik behar, eta %36k bai. "Laguntza behar dutenen kasuan, jakin dugu gehienek jasotzen dutela. %60k laguntza informala jasotzen du, %22,49k laguntza formala, eta gainerakoek bietakoa". Erakundeek ematen dutena –kasu honetan Udalak– da laguntza formala, eta familiak-eta ematen dutena, berriz, informala.

Laguntzen gaineko ezagutzaz ere galdetu diete 80 urtetik gorakoei. "Ikusi dugu askok ez zeukatela diru-laguntzen edo bestelako zerbitzuen eta baliabideen gaineko informaziorik. Egoera hori baliatu dugu behar duten informazioa emateko eta, hala tokatzen zen kasuetan, zerbitzu eta prestazio horiek emateko eta bideratzeko ere bai".

Datuak mahai gainean jarrita, Otaegik eta Belokik aipatu dute "oso interesgarria eta aberasgarria" suertatu zaiela azterketa, adinekoek Azpeitian bizi duten errealitatea ezagutzeko, eta "informazio trukea" errazteko. "Azken hamar urteetako Azpeitiko biztanleriaren bilakaera aztertu dugu eta, horrekin batera, 80 urtetik gorakoen kopuruaren gorakada izugarria ikusi ahal izan dugu. Laguntza ekonomikoa jasotzen zuten 346 pertsona zeudela ikusi dugu, baina beste asko zeudela batere jasotzen ez zutenak. Azterketa baliogarria izan zaigu horiengana iristeko. Inoiz Gizarte Zerbitzuetara gerturatu ez diren horiengana iritsi gara, eta hori da ikerketa honen lorpen handiena", nabarmendu dute azterketaz arduratu direnek.

Argazkia, eginda

Baigerako Patxi Altzibarrek Udalaren eta jubilatu elkartearen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, eta ikerketa lanaren balorazio positiboa egin du, "jauzi kualitatibo handia" izan dela azpimarratuta. Izan ere, azterketarekin "Udala bera joan da arazoaren bila", Altzibarren hitzetan, arazoak iritsi zain gelditu gabe. "Datuetara joanda, 15 puntu igo da gure jakinduria zaharren egoerari buruz, eta hori aurrerapauso handia dela uste dugu, aurrera begirako plangintzak-eta egiteko". Udalarentzat zein berentzat baliogarria izango den "argazki bat" dute orain esku artean, Altzibarren esanetan, "eta Udalak, orain, argazki horretako beharrei ahalik eta ondoen erantzun beharko die".

Bai aztertzaileek, bai Udalak eta bai Baigerak eskerrak eman dizkiete azterketan parte hartu eta beren etxeetako "ateak ireki" dizkieten guztiei.

Txosten osoa, Udalaren webgunean

Azterketaren txosten osoa Azpeitia.eus webgunean jarriko dutela aurreratu du Elduaienek, eta ondorioak gizarteratzeko beste egitasmo batzuk martxan jartzeko asmoa ere badutela esan du.