Ederki sufrituta, baina Mikel Larrañagak amaitu du apustua

Uztarria.eus 2017ko uzt. 2a, 00:20

Mila sarrera saldu dira Alex Txikonen eta Mikel Larrañagaren arteko apusturako. Bete-bete egin da Azpeitiko zezen plaza; kazetariak ere, barra-barra. Esan beharrik ez da ikusmin handia piztu duela desafioak. Mendigoizale lemoarra eta aizkolari azpeitiarra, aurrez aurre; giroa, berriz, bero-bero.

Lehia hasterako, minutu batez isildu da zezen plaza, Alberto Zerain eta Mariano Galvan mendizaleak oroitzeko. Nanga Parbaten galdu zuten haien arrastoa duela astebete, eta bizirik aurkitzeko aukerak baztertu dituzte.

Isilunearen ostean, hasi da norgehiagoka. Bi kirolariek 100 kiloko zilindro zaharra hogei aldiz jaso dute, Larrañagak, pixka bat azkarrago. Segidan, aizkoran hasi dira. Txikonek hamar kanaerdiko ebaki ditu, eta Larrañagak hamabi. Aizkoran atera nahi zion aldea Larrañagak, korrika Txikonen aurretik hasteko, eta hala izan da. Lehenago hasi da lasterka azpeitiarra, nahiz eta espero baino alde gutxiago atera. 7,5 kilometro zituzten aurretik, zezen plazari, 75 buelta.

Korrika hasterako nabari zitzaion nekea Larrañagari. Txikon, berriz, bizkor hasi da. Pare bat aldiz aurreratu ere egin du azpeitiarra, harro. Bazirudien Txikonek erraz berdinduko zuela Larrañagak aizkoran ateratako aldea. Baina askotan gauzak ez dira izaten dirudiena. Pixkanaka, aurpegia zurbil, nabari zen Txikon ez zela ondo sentitzen. Pare bat aldiz gelditu ere egin da. Afizioak, ordea, jarraitzeko.

Larrañaga ere makaltzen joan da, poliki. Balantzak, estropezuak, aurpegi zurbilak... Ederki sufritzen ari ziren biak. Dena den, biek ala biek, aurrera jarraitu dute. Gorputzak ezin, baina burua gogor.

Halaxe segitu dute, Txikonek gehiago ezin izan duen arte. Lurrera erori da apustua hasi denetik 57 minutu eta 29 segundo pasatu direnean. 58. bira ari zitzaion ematen zezen plazari, eta kanpora atera  behar izan dute. Ospitalera eraman dute, hipogluzemiak jota; odoleko azukrearen gehiegizko jaitsiera izan du.

Aurkaria erretiratu arren, Larrañagak jarraitzea erabaki du. Hura ere ez zegoen ederki, eta, oinez, erdi balantzaka eman ditu falta ziren birak. Gelditu ere egin behar izan du behin baino gehiagotan, baina ingurukoen animoak ez zaizkio falta izan, eta lortu du amaitzea. Ordubete 19 minutu eta 29 segundo behar izan ditu. Hark ere laguntza behar izan du bere onera etortzeko.

Esaerak dio amaitu arte ez dela ezer erabakitzen, eta hala frogatu da gaurkoan. Hori bai, tristea da, 6.000 euro eta ohorea jokoan, horrela ibili beharra.