Europako Mendietara irteera egingo du Lagun Onak MBk uztailaren 15eko asteburuan

Uztarria.eus 2017ko eka. 29a, 18:55

Hogei lagunek eman dezakete izena txangoan, gehienez. Aurreneko egunean Espinama (Kantabria, Espainia) herritik Alivako aterpera joango dira parte-hartzaileak, eta handik Sotres (Asturias, Espainia) herrira jaitsiko dira. Guztira 18 kilometroko ibilaldia izango da. Igandean, Sotresetik Puente Poncebosera joango dira, ondoren San Vicente de la Barqueran (Kantabria, Espainia) amaitzeko. Izen-ematea zabalik dago. 

Lagun Onak Mendi Bazkunak asteburu-pasa antolatu du Europako mendietara, uztailaren 15erako eta 16rako. Irteeran parte hartuko duten lagunak zapatuan, uztailaren 15ean, 04:00etan autobusez irtengo dira anbulatorio aurretik Kantabria aldera. 

Zapaturako prestatu duten ibilaldiari dagokionez, asmoa da Espinama herritik (867m) irten eta Alivako aterpera (1670m) igotzea, eta handik Sotres herrira (1050m) jaistea. Ibilbide horrek, guztira, 18 kilometro inguru izango ditu, eta Lagun Onakek azaldu duenez, "batere zailtasunik gabekoa" da. Bestalde, mendi bazkunak azaldu du, interesa dutenek Escamellau tontorra (2067m) egiten saiatzeko aukera izango dutela. Erabaki hori han bertan hartuko dute, taldearen eta eguraldiaren arabera. 

Gaua Sotreseko Peña Castil aterpetxean igaroko dute, eta igandean beste ibilaldi bati ekingo diote. "Goizean goiz" irtengo dira Sotresetik, eta Puente Poncebosera (200m) joango dira. Lagun Onakek azaldu duenez, "13 kilometrotako ibilaldi erraza" da bigarren egunerako prestatu dutena, "ia oso osorik goitik beheraka egitekoa". Puente Poncebosen itzulerako autobusa hartuko dute, eta etxerako bidean, bazkaltzeko, San Bicente de la Barqueran geldialdia egingo dutela aurreikusten dute antolatzaileek.

Izen-ematea eta prezioa

Gehienez 20 pertsonek eman dezakete izena ibilaldian, uztailaren 10a baino lehen. Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean egin daiteke izen-ematea. Bidaiaren kostuari dagokionez, Lagun Onak MBko bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute; langabe eta ikasleek 45 euro eta gainerakoek 70 euro. Prezioan sartzen dira joan-etorria, Sotreseko aterpetxean igaroko duten gaua, afaria eta gosaria.