Urolako Hezkidetza Foroak ere salatu ditu adin-txikiko neskek sare sozialetan jaso dituzten mehatxu mezuak

Uztarria.eus 2017ko eka. 14a, 15:13
Mezu hau da Instagram kontuetan jaso duten mehatxu anonimoa.

Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait emakumek erasoak jasan dituzte Instagram kontuetan. Hezkidetza Foroaz gain, gertaera salatu dute bi herrietako Udalek eta Sostenipe talde feministak.

Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait emakumek erasoak jasan dituzte sare sozialen bidez. Instagram kontuetan jaso dituzte mehatxu anonimoak. Guztiek mezu bera jaso dute: "Instagram kontuan zuen titi pusketarik ez dugu ikusi nahi", dio, besteak beste. 

Joan den zapatuan salatu zuen Azpeitiko Udalak gertaera, eta orain Urolako Hezkidetza Foroak salatu ditu ekintzak. Hezkidetza Forotik salatu dutenez, "sare sozialetan jaso dituzten mezuotan emakumeen askatasunaren aurkako mehatxu larriak jasotzen dira. Zorionez, neska hauetako batzuk mehatxuari aurre egin eta egoera salatzea erabaki dute, eta honen harira, aspaldi honetan beste hainbat neskek jaso dituzten beste hainbat irain eta mehatxu mezuren berri izaten ari gara".

Horrez gain, esan dute, mehatxuetan agertzen den "amorruaren zergatia" zehatz azaltzen ez bada ere, susma daitekeela "emakume izatea eta askea izatea" nahikoa dela mehatxu mota horiek jasotzeko. Horren aurrean, bailarako gazteak eta neskak "aske" nahi dituztela azpimarratu dute. 

Gertaerak salatzeaz gain, elkartasuna eta babesa erakutsi diete mehatxatuak izan diren guztiei. Era berean, esan dute jakitun direka, mehatxuak idatzi dituzten lagunak ere inguruotako herrietako gazteak direla. Hori dela eta, "argi" adierazi nahi izan dute ez dutela "inolako mehatxu mezurik" onartzen: "Haien ideiak, usteak eta beldurrak aurrez aurre eta inor mehatxatu edo iraindu gabe adieraztera gonbidatzen ditugu.

Eraso eta mehatxuen aurrean, "berdintasunaren eta harreman parekideen aldeko" konpromisoan berretsi da Urolako Hezkidetza Foroa, eta esan du "beharrezkoa dela" gertatutakoaren inguruan gogoeta egitea. "Sexu-erasoen aurka adostua dugun protokoloari jarraituz, gertaera larri hauen aurrean, ikastetxe eta gazte ekipamenduetan gazte zein helduok gertatutakoaren inguruan gogoeta egiteko tarteak antolatuko ditugu, bai eta gure gaitzezpena adierazteko protesta ekitaldiak ere", adierazi dute Hezkidetza Forotik.

Sostenipe talde feministak eta Azkoitiko Udalak ere salatu dituzte adin-txikiko neskek sare sozialetan jasotako mehatxuak.