Batzokiaren kontra egindako pintaketen harira, adierazpena

Uztarria.eus 2017ko eka. 5a, 11:06

Uztarriara gazte talde batek igorritako idatzia da honakoa, ostiralean batzokiaren aurka egindako pintaketen harira.

"Batzokien aurkako ekimen sinbolikoen bitartez EAJ-PNV alderdi politikoaren entramatu politiko, ekonomiko zein jurisdikzionala agerian uztea dugu helburu, klientelismoaren atzean ezkutatzen den gestio politiko ustela salatzearekin batera.

Ageriko eraso politikoa da EAJ (Euskal aberatsen alderdia) Errekaleor auzo okupatuaren aurka egiten ari dena, non Zuzenbide Estatuaren legeditik kanpo kokatzen garen norbanako zein kolektibo oro zuzenean garen kolpatuak. Botere banaketan oinarritua dagoen administrazio estatal-espainolaren legalitatea sumisoki onartzea bilatzen da zuzeneko eraso honen bitartez, argi eduki dezagun zer den legearen barnean sartzen dena eta non jartzen dituen legediak marra gorriak. Begi bistako erasoa dugu, beraz, errealitatea gestionatzeko modu berri bat martxan jarri duen auzo proiektua eraitsiaz, euskal aberatsen eskuetatik ihes egiten duen proiektu oro deuseztatuz. Dirudienez langileriak ere gure bizitza kartzela erraldoia bilakatzen duen eredu zibilazatorioaren parte izateko betebeharra omen dugu, guztiok baititugu eskubide zein betebeharrak bizitzera kondenatuak gaudela dirudien entramatu sozialean. Bizi baliabideak soilik sistemaren beheko aldean kokatzen garenok sortzen ditugu, eta gure gainean kokatzen direnek eskuratuko dute irabazia, gure kabuz eta euren interesak kontrajarriz ekiten dugun orotan errepremituko gaituztelarik. Aberastasuna lapurtzen diguten berdinek erabakitzen dute noiz egin behar dugun lan eta zein den gure gorputzaren salneurria, noiz joan ahalko garen oporretara edota zenbat urte pasa beharko ditugun arrotza zaigun jende baten mesedetara lan egiten bizitzeko teilatu bat eskuratzeko.

Guztiz zilegia iruditzen zaigu etxebizitza, ura eta argia ordaintzeari uko egitea, ez enpresa multinazionalei (Iberdrola kasu) ezta Euskal Herriko jauntxoei ere (administrazio publikoaren bitartez) ez baitiegu ezer zor. Zergatik eman behar diegu eskua gure gaitasunak aberastasun indibiduala metatzeko baliatzen dituzten horiei?

Elkartasuna adierazten diegu Errekaleor auzoari, baita urte gogor hauetan lanean hil diren langile guztiei ere, agintarien irainak egunero pairatu behar dituzten horiei edota atzerritik bizi duin baten bila etorri eta txaboletan bizitzera behartuta daudenei. Ulertzen zaituztegu, gu ere berdinetan baikaude. Nazkatuta gaude azpian gaudenon heriotzak sufritzen dituzuela entzuteaz, krisia Azpeitiarentzat zein Euskal Herriarentzat gogorra dela esan bitartean ustelkerietan ari zareten horietaz, gailentasun posizio batetik berba egiteak sortzen dizuen arrogantziaz.

Herriak bizirik dirau, halabeharrez. Langile klaserik gabe ez baitago jauntxoentzat aberastasunik. Bizirik bai, baina itzalpean eta korbatadunen aginduak betetzen. Elkartasunez bete behar ditugu gure anai-arreben harremanak, gure klase-sozialaren parte garen norbanako ororen eraso politikoei zein ekonomikoei kolektiboan erantzunez.

Ahaztu aurretik eta zuen negar faltsuak aurreikusiz, hau ez da kale borroka, klaseen arteko guda baizik

Errekaleor birik, herriak bizirik dirauen bitartean!".