Arimaren isla margolanetan

Uztarria.eus 2017ko mai. 30a, 15:16
Mai Vazquez Domenech. (Urola Kostako Hitza)

Mihisearen aurrean biluzten den margolaria da Mai Vazquez-Domenech (Azkoitia, 1966). Oraingoan, bere barneko sentimenduak eta arimaren espiritualtasuna irudikatu ditu Atman izenarekin bildu dituen hamaika margolanetan. Artista azkoitiarrak teknika mistoa erabilita, akrilikoarekin oihalaren gainean sortutako lanak ikusgai izango dira ekainaren 1etik 16ra, Sanagustin kulturgunean.

Txikitatik du margotzeko zaletasuna Vazquezek, baina ez da izan familiarengandik oinordetzan jaso duen zerbait. Zazpi anaia-arreba dira, eta kontatu du bera dela «sormen artistikoa» duen bakarra. Azkoitiarraren esanetan, etxean beste inork ez du margotu izan, eta dio, umea zela, OHOn “gustukoen” zituen ikasgaiak soinketa eta marrazketa zirela. “Horietan lortzen nituen nota onenak”. Geroztik, urte batzuetan, Azkoitiko eta Azpeitiko arte eta pintura eskoletan landu zuen margolaritza, baina gaineratu du azken urteetan “autodidakta” dela. Marrazketak bizitzan zehar “beti lagundu” dio azkoitiarrari, “izan arkatz bidez, akrilikoan zein pastela erabilita”.

Gogo-aldartea, koloreetan

Zenbait garaitan margotzeari ez diola “denbora asko” eskaini adierazi du, baina azkenaldi honetan, “gogoetarako eta sortzeko inspiratuta” dagoela dio. Pertsona bezala “gero eta lasaiago” sentitzen da azkoitiarra, eta “gogo-aldarte” hori bilduma honetan erabili dituen “koloreetan islatzen” dela gaineratu du. “Pertsona aldatzen doa, garatzen, eta hori agerian geratzen da sortzen ditudan lanetan”. Hala, oraingoan, “ohiko kolore ilunak albo batera utzi” eta barneko argi-ilunak bestelako koloreen bidez adierazi ditu: “Ez naiz kolore bizien zalea, baina oraingoan urdina, berdexka, grisa, urdinxka, okrea… erabili ditut”.

Elkarrizketa osoa irakurgai Urola Kostako Hitzan.