Belarriak goxatzeko, Eztarri Urratuak

Uztarria.eus 2017ko mai. 31a, 21:32
Julen Hidalgo, Gaizka Arrue eta Iratz Uranga. (Maialen Etxaniz)

Bigarrengoz igoko da bihar, ekainak 1, oholtzara Eztarri Urratuak taldea. Iratz Uranga (Azpeitia, 1998), Gaizka Arrue (Azpeitia, 1998) eta Julen Hidalgo (Azpeitia, 1998) dira taldea osatzen duten gazteak, eta Ekizarekin elkarbanatuko dute biharko agertokia. Sanjuandegiko festen barruan eskainiko dute zuzenekoa, 22:00etan hasita. Kontzerturako azken entsegua egin aurretik solasean aritu dira Uztarria.eus-ekin, Gaztetxean.

Iazko abenduaren 30ean eskaini zuten aurreneko kontzertua Eztarri Urratuak izenpean Urangak, Arruek eta Hidalgok Etxe Zuri tabernan, baina ordurako musikaren munduan nahiko eskarmentu bazuten hiru azpeitiarrek; izan ere, Verrater taldeko kideak dira hirurak. Urangak azaldu duenez, Verraterrekin entseatzeko zituzten zailtasunak ikusita erabaki zuten proiektu berriarekin hastea: "Entseatzeko lan asko izaten genuen, besteak ez baitira azpeitiarak. Bata zestoarra da eta bestea errezildarra, eta beste hiruok entseatzen aritzearekin aspertuta geunden. Horregatik, denbora pasa bezala beste talde batzuen bertsioak jotzeko gelditzen ginen, eta horren harira sortu zen Eztarri Urratuak". 

Verrater eta bihar oholtzaratuko den taldea "bi gauza ezberdin" direla azpimarratu nahi izan dute hiru gazteek. "Jendeak pentsa dezake Eztarri Urratuak Verrater akustikoa dela, baina ez da hala. Proiektu berrian punk bertsioak dira nagusi, estilo akustikoan", azaldu dute. Hala, biharko zuzenekoan entzungai izango dira, besteak beste, Kaotiko, Barricada edo Rip taldeen abestiak. 

Jende artean zein musika mota gustatzen den gehien galdetuta, uste dute Verraterrek harrera hobea duela, "jendea gehiago animatzen delako" eta Eztarri Urratuak "lasaiagoa" delako. Hala ere, "gauza guztietan bezala", erabakia "gustuen araberakoa" dela uste dute. 

Urangak, Arruek eta Hidalgok sortzen duten bigarren musika taldea da Eztarri Urratuak. Azpeitian gero eta musika talde gutxiago sortzen dira, eta uste hori dute Eztarri Urratuakeko kideek ere: "Gazte sorkuntza nahiko hilda dagoela uste dugu, ia ez da talderik sortu Azpeitian azken aldian. Orain Dj gehiago sortzen dira taldeak baino". Horrez gain, emakumeak talde gutxitan ikusten direla nabarmendu dute, eta beren taldera norbait animatuko balitz "ateak zabalik" dituztela azaldu dute. 

Biharko kontzertuetako kartela Ekizarekin elkarbanatzen dute. Hirurek ezagutzen dute Jurgi Ekiza abeslaria, Willis Drummond taldeko kidea ere badelako. Uste dute biharkoa "gau musikatu ederra" izan daitekeela, eta horregatik herritarrak animatu dituzte zuzenekoetara hurbiltzera. Hala ere, gauza bat eskatu nahi izan diete entzuleei: "Kantuak bukatzen direnean isiltasunik ez egotea, deserosoa izaten baita". Oraindik ez dute erabaki nola joko duten kontzertua, eserita edo tente, baina prest daude bi moduetara jotzeko. 22:00etan hasiko dira kontzertuak, Sanjuandegiko Jim Clark eta Garoa tabernen aurrean. Gogorik ez zaie falta Eztarri Urratuakeko hiru musikariei, eta prest daude beren doinu urratuekin biharko gaua goxatzeko.