Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra lotuko dituen obren inguruko azalpenak emateko batzar irekia egingo du Udalak

Uztarria.eus 2017ko mai. 31a, 20:00
Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi lotuko dituen zubia "aste gutxiren buruan" amaituko dituztela esan du Udalak.

Ekainaren 7an, asteazkenez, egingo dute batzarra, udaletxeko 5. solairuan. Bertan azalduko dute zein diren Udalaren asmoak Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra lotuko dituen zubiaren eta Sanjuandegiko autobus geltokiaren inguruan. Aurreratu dutenez, zubia eta inguru horretako urbanizazio lanak "aste gutxiren buruan" amaituko dituzte.

Azpeitiko Udalak bilera irekia egingo du Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegiko zubiko obren nahiz autobus geltokiaren inguruan dituen asmoak agertzeko. Ekainaren 7an, asteazkenean, egingo dute batzarra, 19:00etan hasita, udaletxeko 5. solairuan.

Igerileku atzeko zubia eta inguru horretako urbanizazio lanak "aste gutxiren buruan" amaituko dituztela aurreratu du Udalak. Horrez gain, "obraren zatirik haindiena" aurreratu bada ere, igerileku aurreko kalean ur saneamenduak egokitu eta urbanizatzeko hainbat lan egingo dituztela gaineratu dute. Lan horiek trafikoan eragina izango dute behin behinean, eta hartuko dituzten neurrien berri emateko deitu du bilera Udalak.

Autobus geltokiarekin kezkatuta

Zubiaren eraikuntza lanak eta inguruko obrak egin ahal izateko, Udalak trafikoaren ordenazioan hainbat aldaketa egin behar izan ditu. Obrak zirela eta bide horretatik autobusak pasatu ezin zirenez, Sanjuandegiko geltokiak Esklaba aurrera mugitu zituen, behin-behinean. Hala, azken hilabeteotan Esklaba aurrean gelditu dira autobusak. 

Geltokiak Esklabetan egon diren bitartean, herritarrak kezka agertu dute, eta Udalera joan dira gaiaz galdetzera. "Etorkizuneko trafiko ordenazioa eta autobus geltokien inguruan galdezka etorri dira hainbat herritar Udalera. Iritzi kontrajarriak jaso dira, eta Udalak bilera egitea erabaki du egoeraren berri zuzenean emateko", adierazi dute.