Sanjuandegiko festak 2017

Transexualitatea, lehen pertsonan

Uztarria.eus 2017ko mai. 31a, 13:18
Xabier Lozanoren solasaldiko irudia. (XJ Auzolanean)

Xabier Lozanok hitzaldia eskaini zuen atzo, asteartea, Sanjuandegiko Txiko Txoko ludotekan, eta bertan txikitatik orain arteko bizipenak elkarbanatu zituen hitzaldira hurbildu zirenekin. 

Atzo, maiatzak 30, Transexualitatea: lehen pertsonan hitzaldia eskaini zuen Xabier Lozano azpeitiarrak Sanjuandegiko festen egitarauaren barruan. 19:00ak aldera eman zioten hasiera solasaldiari Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan, eta dozenaka herritar gerturatu ziren Lozanoren hitzak entzutera. 

Bere bizitza ardatz hartuta ekin zion Lozanok hitzaldiari. Txikitatik izan dituen bizipenak eta sentipenak partekatu zituen Txiki Txokora bertaratu ziren lagun guztiekin. Alde batetik, haurra zela zein jostailurekin jolasten zuen eta zein arropekin sentitzen zen gustoen azaldu zuen. Bestetik, ikastolan bizi izan zituen egoera eroso nahiz deserosoak izan zituen hizpide, baita lagunei eta familiari lehenengoz mutila sentitzen zela esan zion elkarrizketa ere. Horrez gain, transexualitatea profesionaltasunez lantzen duten elkarteekin lehenengo aldiz harremanetan jarri zenekoaz aritu zen Xabier Lozano.

Bizipenak elkarbanatu ondoren, solasaldira bertaratu ziren herritarren galderei erantzun zien Lozanok. Eta amaieran, generoak hizpide hartuta, jolas bat ere egin zuen entzuleen parte hartzearekin. 

Bi ordu inguruz luzatu zen giro goxoa eta gertukoa sortu zuen transexualitateari buruzko hitzaldia.