130 lagun prest, Azpeitia-Hazparne ibilbideko azken etaparako eta Hiru Zango egunerako

Uztarria.eus 2017ko mai. 30a, 19:32
Azpeitia-Hazpane egitasmoko 5. etapako irudia.

Berriro jarri dituzte salgai Hiru Zango egunera joateko txartelak Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan. Agortu bitartean egongo dira eskuragarri. Kurutxetako Bordan ospatuko da Hiru Zango eguna, eta bertan parte hartzeko bi aukera izango dira. Alde batetik, Azpeitia-Hazparneren azken etapa (Kanbo-Hazparne) egin ostean festara batuta, eta bestetik, Hazparnetik Kurutxetako Bordara oinez joanda.

Datorren igandean, ekainaren 4an, egingo dute Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoaren azken etapa, Kanbotik Hazparnera artekoa. Horrez gain, Hiru Zango eguna ere ospatuko da. Dagoeneko 130 lagun prest daude zapatuko bi hitzorduetan parte hartzeko, eta txartelik erosi ez baina gogoz daudenak festara batzeko garaiz daude oraindik. Izan ere, salgai jarri dituzte Hiru Zango egunerako joateko soberan gelditutako txartelak, Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan, 10 eurotan.

Hiru Zango egunean bi modutara har daiteke parte: Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko azken etapa (Kanbo-Hazparne) egin ostean, edo zuzenean autobusez Hazparne ingurura joanda. Urtarrilean abiatu zen egitasmoko azken ibilbidean parte hartuko dutenak, 07:00etan irtengo dira anbulatorio aurretik, Kanbora. Han hasiko dira ibiltzen, eta 15 kilometro egingo dituzte oinez, Kurutxetako Bordara iritsi arte. Han gozatuko dute Hiru Zango eguneko festaz. 

Azken etapa egin nahi ez, baina Hiru Zango Egunean parte hartu nahi dutenek, 08:15ean dute hitzordua, anbulatorio aurrean. Horiek autobusez irtengo dira Hazparnera, eta handik 6 kilometro oinez egin ostean iritsiko dira Kurutxetako Bordara, festaz gozatu ahal izateko..

Arratsaldean, parte-hartzaileek autobusez Hazparnera inguratu eta herria ezagutzeko aukera izango dute. Azpeitiara itzulera, berriz, 17:30ak inguruan izatea aurreikusten dute parte-hartzaileek.

Honako hau Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek egin duten bideoa da. Bertan, egitasmoa aurkeztu zutenetik azken etapara arteko irudiak jaso dituzte.