100 urte bete ditu Basilio Urbistondo gudariak

Uztarria.eus 2017ko mai. 30a, 18:05

Gaur, maiatzak 30, 100 urte bete ditu Basilio Urbistondo gudari urrestildarrak. Eguerdian eguneko zentroan zoriondu dute Eneko Etxeberria alkateak, Estitxu Elduaien alkateordeak, zentroko kideek eta senitartekoek.

1936ko gerra hasi zenean, Urrestillatik alde egin eta lehenengo Zumaiara eta gero Ondarroara joan zen Txabarrengo semea, beste gudari batzuekin batera. Bere hiru anaiarekin batera, Errepublikaren alde borrokatu zuen Eusko Gudarosteko San Andres batailoian. Kantabrian hartu zuten preso, eta hamaika hilabetez gatibu izan zuten Santanderren, Miranda de Ebron eta Zaragozan. Afrikan ere izan zuten langile batailoian, Azpeitira itzultzea izan zuen arte.

Gaur, zorion agur eta txaloen artean, bere kantu eta oihu gustukoena esanez eman dizkie eskerrak ingurukoei: "Gora Euskadi askatuta!".

2015eko irailean Azpeitiko Udalaren omenaldia jaso zuen Urbistondok.