Herriarteko Pilota Txapelketako final laurdenetan Azpeitiak eta Azkoitiak neurtuko dituzte indarrak

Uztarria.eus 2017ko mai. 28a, 14:07

Gaur, maiatzak 28, Azpeitiak Gipuzkoako Herriarteko Pilota txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidak jokatu ditu Tolosako Beotibar frontoian, eta azpeitiarrak nagusitu dira, Tolosa 1-2 mendean hartuta. Maiatzaren 19an herrian bertan, Frontoi Txikin, jokatu zuen Azpeitiak Herriartekoaren final zortzirenetako joanekoan, eta orduan aise garaitu zuten Tolosako taldea, 3-0 irabazita. Lortutako garaipena medio, Azpeitia final laurdenetara sailkatu da, eta datorren ostiralean, ekainaren 2an, Azkoiti hartuko dute arerio Frontoi Txikin, 22:00etan hasita.    

Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 11-22 irabazi dute kadete mailan; Gorka Iriartek eta Julen Egigurenek 6-22 irabazi dute jubeniletan. Senior mailan, berriz, Jabier Odriozolak eta Daniel Murgiondok 22-21 galdu dute. Ilunpe Elkarteko kide Xabier Aldalurren esanetan, Beotibar frontoira "ez da jende gehiegi joan" herriartekoaren final zorztirenetako itzulerako partidak ikustera. "Pilotalekuan ez dago jende asko, baina dagoena azpeitiarrak dira. 40 bat azpeitiar etorri dira, herriko pilotariak animatzera" Aldalurrek gaineratu du azken neurketa "dibertigarria" izan dela: "Herriartekoan aurrera egiteko txartela eskuratuta zuenez Azpeitiak, ez zegoen jokoan ezer, eta jolasean aritu dira, eta horregatik izan da norgehiagoka estua".  

(Argazkiak: Xabier Aldalur)