Plaza hartzeko erronka

Uztarria.eus | Kirolak
2017ko mai. 26a, 12:19

Euskal Herriko hainbat txokotako emakumeen arteko kirol erronka egingo dute bihar, Azpeitian. Emakumeak plazara eta kirol mundura gerturatzea da helburua.

Emakumeen Kirol Erronkan parte hartuko duten azpeitiarrak. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Euskal Herriko hainbat herritako emakumeek elkartzeko ordua jarria dute biharko, maiatzak 27, Azpeitian: emakumeen arteko kirol erronka. Hala, goiz osoan herriko plaza hartuko dute adin guztietako dozenaka lagunek, kirola eta festa uztartuko dituen jaialdian. Helburua ondo pasatzea bada ere, egingo dituzten kirol probetan erabiliko duten materiala ikusten eta probatzen aritu dira azpeitiarrak azken egunotan. Ezin jakin hori abantaila izango den edo ez, baina materiala eta ondo pasatzeko gogoa, behintzat, plazara eramango dituzte Azpeitiko Emakumeen Mahaiko kideek.

Maiatza amaitzear dela, edo ekaineko aurreneko egunetan, jaialdia antolatzen du urtero Azpeitiko Emakumeen Mahaiak, ikasturte osoan ikasitakoa herriratzeko. Aurtengoa ikasturte berezia izan da, ordea, bost urte bete baititu Emakumeen Txokoak. Hori aitzakia hartuta, era guztietako ekintzak egin dituzte urte osoan, eta ikasturteari “bukaera borobila” eman nahi diote orain. Edurne Aranbarri Azpeitiko Udaleko Parekidetasun teknikariak azaldu duenez, Emakumeen Txokoaren bosgarren urtemuga ospatzen ari diren honetan, ikasturtea agurtzeko jaialdi “berezia” prestatu nahi izan dute. “Buruari bueltaka hasi ginen, eta ikusi genuen emakumeak kirol munduan murgiltzera animatzeko hainbat egitasmo jarri izan direla martxan azken urteotan: Emakumea pilotari edo Zuk ere ahal duzu! egitasmoak, esate baterako”. Emakumeak korrika egitera animatzeko egitasmoa da azken hori.

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu