Euskal presoen eskubideen aldeko aldarriak eta dantzak hartu dituzte Azpeitiko kaleak

Uztarria.eus 2017ko mai. 20a, 21:51

Salatzen Dut Eguna da gaur Azpeitian, Sarek euskal presoen eskubideen alde antolatutako eguna. Gauera arte luzatuko den egitaraua prestatu dute gaurko, eta egunaren ia erdia igarota, ez da festarako eta aldarrirako paradarik falta izan. Hala, goizean egindako kros herrikoiaren ostean, bazkaria egin dute Frontoi Txikian, eta arratsaldean, 18:00etan hasita, manifestazioa egin dute Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Plazan hasi da manifestazioa, eta Azpeitiko Sarek jakinarazi duenez, 400 lagun inguru batu da mobilizaziora. Manifestazioa amaitzean idatzi bat irakurri dute Sareko kideek, Azpeitiko presoen egoera gogora ekarriz. Aldarrirako hartutako tartea dantzarako ere probestu dute, eta modu horretan, euskal presoen eskubideen alde polka dantzatu dute ehunka herritarrek, plazan.