'Urola Aitzindari' jarri dute abian, eskualdeko arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko

Uztarria.eus 2017ko mai. 12a, 19:06
Kontseiluko, LABeko, ELAko, Urola Kostako Udal Elkarteko, AEKko eta Uemako kideak, atzoko aurkezpenean.

Euskalgintzako eragileek, Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuek, UKUEk eta hainbat instituzioek jarri dute martxan proiektu pilotua. Helburua da Urola Kostako enpresetan lanerako eta komunikaziorako hizkuntza euskara izatea. Azpeitiko Sammic enpresak eta San Martin zaharren egoitzak hartuko dute parte egitasmoan.

Hizkuntza baten normalizazio prozesuan arlo sozioekonomikoak duen izaera estrategiakoa "argia" dela iritzia, Urola Aitzindari proiektu pilotua abiatu dute, lan munduan euskara sustatzeko. Euskalgintzako eragileek, Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuek, UKUEk eta hainbat instituzioek jarri dute martxan proiektu pilotua eta atzo, osteguna, aurkeztu zuten Zarautzen. 

Eragile horiek, enpresen, langileen, bezeroen eta administrazioaren ordezkariak dira, eta Urola Kostan "norabide berean" lan egingo dutela esan zuten. Horregatik izango dira "aitzindari". Urola Kostak aitzindari izateko ezaugarriak dauzkala azaldu zuten: "egoera soziolinguistikoa, euskalgintzaren elkarlana, sindikatuen indarra… eta eragile guztien prestutasuna euskararen normalizazioan urrats berriak emateko".

Enpresen alorrari dagokionez, Kontseiluaren baitan sortutako Euskaragileak enpresa batzordea izango dute eredu. Bertan, lan-munduaren euskalduntzean aitzindari diren enpresak biltzen dira. Hala, Urola Kostako enpresetako zuzendaritzak gonbidatuko dituzte batzordea, beren esperientziak eta egindako bidearen nondik norakoak ezagutzera. Mankomunitateak eta eskualdeko udalek ere parte hartuko dute ekimenean, besteak beste, lagunduko dute Euskaragileak enpresa batzordearen aurkezpenak egiten. Horiek uda aurretik egitea aurreikusten dute. 

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ekimenean parte hartzeko arrazoiak eta helburuak dituztela esan zuten, eta "lan munduaren euskalduntzearen garrantzia" azpimarratu zuten. Horrekin batera, hizkuntza-eskubideak eskubide sozial gisa euren borrokan txertatzea "beharrezko" jo zuten. Ildo horretatik, "euskaraz lan egiteko eskubidea" aldarrikatu zuten.

Ekimenaren bitartez, euskara, enpresaren lan eta komunikazio hizkuntza izatea bilatzen dute, eta horrekin batera "langileak euskaraz lan egiteko eskubidearen alde ahalduntzea, kontzientzia hartze ariketa egitea". Bestetik, euskararen gaia ekintza sindikalean txertatzea nahi dute. Guzti hori "langileen parte hartze zabalarekin" egitea dute helburu. 

Egiturak, dinamikak garatzeko

Urola Aitzindari dinamika garatzeko, sindikatuek egitura eta guneak sortu dituzte enpresetan. Proiektuaren sustatzaileek azaldu zutenez, parte hartu behar duten enpresa bakoitzean, adosguneak, eskualde mailako adosgunea, eskualdeko batzarra eta talde motorea egongo dira lanketa aurrera eramateko. 

Lan egutegia ere finkatu dute arlo honetan. Maiatza eta ekaina bitartean enpresetako adosgunean elkartuko dira, diagnostikoa eta lehentasunak finkatzeko. Uztailean, berriz, Antzuolako Elay enpresara bisita gidatua egingo dute. "Aitzindaria da Elay euskararen normalizazioa enpresan txertatzen eta Euskaragileak enpresa batzordeko kide da", azaldu zuten. Irailetik aurrera, berriz, plangintzaren garapenari ekingo diote. Urte amaieran ekimenaren balorazioa egin eta aurrera begirako urratsak definituko direla aurreratu zuten.

Kontsumitzaileen zutabeari dagokionez, berriz, AEKko kideak azaldu zutenez, "Kontseiluak Bai Euskarari Elkartearekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera sortutako Baduzu euskal kontsumitzaileen kluba izango da oinarria".

Baduzuren helburuak dira "euskaraz saldu eta erosi nahi dutenak saretzea eta harremanetan jartzea da, euskarazko kontsumo komunitatea eraiki eta aktibatzea".

Abiatu berri duten proiektu pilotuaren sustatzaileek azaldu zutenez, Urolako euskalgintzan "herritarrengan eragiten" saiatuko dira. Horretarako kontsumo taldeen eratzeak bultzatuko dituzte uda aurretik sor daitezen. Udazkenean, berriz, herrietan ekimenak egitea aurreikusten dute. Gainera, proiektu pilotuaren emaitzak aztertu ondoren, beste eskualdeetara zabaltzeko asmoa dute.

Azpeitiko Sammic enpresak eta San Martin zaharren egoitzak hartuko dute parte proiektu pilotuan.