Asteartean itxiko da Hiru Zango egunean parte hartzeko sarrerak erosteko epea

Uztarria.eus | Kirolak
2017ko mai. 11a, 19:04

Kurutxetako Bordan ospatuko den Hiru Zango egunean parte hartzeko bi aukera izango dira. Alde batetik Azpeitia-Hazparneren azken etapa (Kanbo-Hazparne) egin ostean festara batuta, eta bestetik, Hazparnetik Kurutxetako Bordara oinez joanda. Ibilaldia egin nahi ez baina festan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. 

Hondarribiatik Sarara arteko ibilaldiko irudia. (Lagun Onak MB).  Argazki originala

Ekainaren 4an egingo den Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoaren azken etapan eta Hiru Zango egunean parte hartzeko sarrerak erosteko azken eguna asteartea, maiatzaren 15a, izango da. Hazparneko ospakizunean parte  hartu nahi duten guztiek Sanagustin kulturgunean edo Lagun Onak MBren elkartean salgai dauden txartelak eskuratu beharko dituzte.

Hiru Zango egunean bi modutara har daiteke parte: Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoko azken etapa (Kanbo-Hazparne) egin ostean, edo zuzenean autobusez Hazparne ingurura joanda. Urtarrilean abiatu zen egitasmoko azken ibilbidean parte hartuko dutenak, 07:00etan irtengo dira anbulatorio aurretik, Kanbora. Han hasiko dira ibiltzen, eta 15 kilometro egingo dituzte oinez, Kurutxetako Bordara iritsi arte. Han gozatuko dute Hiru Zango eguneko festaz. 

Azken etapa egin nahi ez, baina Hiru Zango Egunean parte hartu nahi dutenek, 08:15ean dute hitzordua, anbulatorio aurrean. Horiek autobusez irtengo dira Hazparnera, eta handik 6 kilometro oinez egin ostean iritsiko dira Kurutxetako Bordara, festaz gozatu ahal izateko.

Ibilaldia egin eta Hiru Zangoko ospakizunean parte hartu nahi dutenek, ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Baina txartelak erosi beharko dituzte, aurrez. Aldiz, zuzenean Hiru Zangora joan nahi dutenek, izena eman beharko dute asteartea baino lehen Lagun Onak MBren web orrialdean edo tabernan.

Arratsaldean, parte-hartzaileek autobusez Hazparnera inguratu eta herria ezagutzeko aukera izango dute. Azpeitiara itzulera, berriz, 17:30ean izango da. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu